Legebiltzarrak aho batez onartu du Debabarrena suspertzea helburu duen ponentzia eratzea

Barren.eus 2021ko urr. 8a, 09:20

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak aho batez onartu zuen, atzo, Debabarreneko eskualdea eta bertan sartzen diren udalerriak suspertzeko ponentzia edo lan taldea eratzea. Ponentziaren helburua da eskualdea suspertzeko plan estrategiko bat diseinatzeko irizpideak adostea.

Legebiltzarreko osokoan izan ziren Elgoibar, Mendaro eta Soraluzeko alkateak: Ane Beitia, Iñaki Arregi eta Iker Aldazabal, hurrenez hurren.

Debabarrena eskualdea suspertzeko ponentzia eratzeko proposamena EAJk (Irune Berasaluze Mendaroko alkate (2007-2011 izan zenak), EH Bilduk (Ibai Iriarte Tolosako alkate izan zenak) eta PSE-EEk (Miren Gallastegi eibartarrak) aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarreko osokoan, eta bertan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek onartu zuten, aho batez, aldeko 72 botorekin.

Ponentziaren helburua izango da eskualdea eta bertako udalerriak (Mendaro, Elgoibar, Soraluze, Eibar, Deba, Mutriku, Mallabia eta Ermua) suspertzeko plan estrategikoa diseinatzeko irizpideak adostea. Plan hori, prozesu parte-hartzaile zabalen bidez garatuko dela jakinarazi dute, Tokiko Garapen agentziaren gidaritzapean eta maila desberdinetako instituzioen lan ildoak, inbertsioak eta apustu estrategikoak barneratuko dituzte.

 • Erakundeak, eragile sindikalak, enpresarialak…
Legebiltzarrean aurkeztutako testuaren arabera, Debabarreneko premieien inguruko "hausnarketa sakona" egiten saiatuko dira, eta, horretarako, tartean dauden erakundeen ekarpenak jasoko dituzte (Eusko Jaurlaritzarenak, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundienak eta eskualdea osatzen duten udalenak), eragile sindikalenak, enpresarialenak eta baita ere arlo soziologiko eta ekonomikoko adituenak ere.

Ponentzia martxan jartzen denean eskualdeko eragile sozio-ekonomiko-kulturalak, politikoak etab… gonbidatuko dituzte euren egoeraren berri emateko. Ponentzia bukatzean ondorio batzuk eratorriko dira eta sustatzaileek espero dute bailararen egoera kontuan izanda proiektu eta baliabide ekonomikoak bideratuko direla Eusko Jaurlaritzaren departamendu desberdinetatik eskualdea suspertzeko, "beharra badago eta!”.

Irune Berasaluzek adierazi duenez, Debabarrena eskualdeak bizi duen egoerari buelta eman nahi diotelako jo dute Jaurlaritzara. "Eskualdean bertan egin dira hainbat gogoeta eta egoera zein den eta beharra zein diren partekatu da eskualdeko eragile desberdinekin. Hala ere, guztiz beharrezkoa ikusi dugu maila gorenago batera ekartzea gaia, kasu honetan Eusko Legebiltzarrera. Gaurko eztabaida eta ponentzia honen osaketa erabaki duen legebiltzarreko saioa ikustera Soraluze, Mendaro eta Elgoibarko alkateak ere etorri dira, guztion borondatea delako gure eskualdeari behar duen tokia ematea gure herrian, eta horretarako lan egiteko prest gaude, eta ia emaitza onak ematen dituen lan horrek", esan du.

Euskal Sozialistak talde parlamentarioko ordezkari Miren Gallasteguik legebiltzarrean esan zuen "Euskal Hiria" dela euskal sozialisten azken helburua, "Euskadi elkartuagoa, berdinzaleagoa, justuagoa eta lehiakorragoa". Eta horregatik argi du Debabarrena ezin dela batetik besterako bidean igarobidea bakarrik izan, "gure herrialdea bateratzeko lotura funtsezkoa baira". Eskualdeko herrietako udalek egiten diharduten ahalegina zalantzaezina dela esan zuen Gallasteguik, baina horien gainetik dauden erakundeen "benetako inplikazioa" ezinbestekotzat jo zuen legebiltzarkideen aurrean egin zuen berbaldian. "Lan asko dugu egiteko, jantzi dezagun lan-jantzia".

2021 10 08 mendaro Elgoibar soraluze alkateak irune berasaluze 1

2021 10 08 miren gallastegi ponentzia debabarrena arg legebiltzarra

∞Lotura duten albisteak: