Herri barruko garraio zerbitzuaren prezioa bateratzeko planaren berri emateaz gainera, Udalbus zerbitzua eguaztenetik aurrera ordainpekoa izango dela jakitera eman du Elgoibarko Udalak. Bidaia bakoitzeko prezioa euro batekoa izango da, 0,5 € erretiratuek eta desgaitasuna duten pertsonek. Sei urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharko erabileragatik.
Udalbusa Zerbitzua 2020ko abuztuan jarri zuten martxan, Urazandin bi igogailu publiko eraikitzeko lanak hastearekin batera, 2021eko maiatzean. Hasiera batean behin behinekoa zen autobus zerbitzuari jarraipena ematea erabaki zuen Udalak. Jakinarazi dutenez, harrezgero 19.821 bidaia egin dituzte zerbitzu horretan, eta irailean erabili zen gehien, 2.701 bidaiarekin, eta gutxien abuztuan, 1.628 bidaiarekin. Batez beste, 71 bidaia egiten dira eguneko, eta bidaia bakoitzaren kostua 2,5 eurokoa izan da Udalarentzat. Zerbitzuaren urteko kostua, berriz, 64.000 eurokoa da Udalarentzat.
Asteazken honetan, martxoaren 9an, indarrean sartuko diren tarifa berriekin, herritarrek bidaiaren kostuaren % 20 eta % 40 artean ordainduko dutela zehaztu dute, eta Udalak, berriz, gainerakoa finantzatuko du.
Udal Gobernuak adierazi du herri autobusa “tresna baliagarria" dela udalerriak irisgarritasuna hobetzeko dituen mugak gainditzeko, "sustatzen ari garen igogailu publikoak eraikitzea eta kaleen eraberritzeak osatuz". Erabilera egonkorra den arren, zerbitzuaren kostua "handia" dela adierazi dute udal arduradunek. "Gure eredua beti izan da erabiltzeagatiko ordainketarena, baina laguntzak % 50eko deskontuarekin erretiratuentzat edo desgaitasuna duten pertsonentzat. Erabileragatiko ordainketak zerbitzua egonkortzeko balioko du. Zalantzarik gabe, inbertsio handia da elgoibartar guztien ongizatean. Elgoibarri, bere biztanleria kontuan hartuta, ez dagokio hiri barruko autobus zerbitzua izatea. Baina Udal Gobernuak Udalbusarekin udalerri osoaren aldeko apustua egin du, eta, bereziki, auzoen aldekoa. Auzoetako mugikortasuna bermatu nahi dugu, bizilagunei erdigunera hurbiltzen lagundu nahi diegu, horrek eragin zuzena baitu auzoetako bizitzan eta bizilagunen bizi-kalitatean”.
• Aldaketak Udalbusa zerbitzuan
Eguazten honetatik aurrera Udalbus zerbitzuan aldaketak izango dira: Melitonerako autobus zerbitzua Urazandikoarekin bateratuko da. Zerbitzuaren ordutegia:
- Astelehenetik barikura: 10:00-13:00 (azken zerbitzua) eta 17:00-20:00 (azken zerbitzua).
- Zapatuetan: 10:00-13:00 (azken zerbitzua).
Ibilbidea:
- Puntuan (00 '): Maalako biribilgunea - Herri Eskola – Urazandi bidegurutzea - Urazandi gaina (tontodromoa) – Urazandi bidegurutzea - Maalako biribilgunea - Aita Agirre
- Eta hogeian (20 '): Aita Agirre - Maalako biribilgunea – Erretsundi – Maalako biribilgunea
- Terdietan (30 '): Maalako biribilgunea – Meliton – Urazandi bidegurutzea – Urazandi gaina (tontodromoa) – Urazandi bidegurutzea - Maalako biribilgunea
∞Lotura duten albisteak:
- Elgoibarko PSE-EEk esan du bera izan dela Udalbus zerbitzua bermatu duena (2021-09-21)
- Udalbus zerbitzuak arrakasta izateko interesik ez jartzea leporatu dio Elgoibarko EHBilduk EAJri (2021-09-14)
- Udalbusaren prezioa gehiegizkoa dela uste du Duintasunak, eta pentsiodunentzat eta behartsuenentzat doakoa izatea eskatu du (2021-03-31)
- Udalbus zerbitzua mantentzea "albiste ona" dela esan dute PSE-EEK, EHBilduk eta Podemos-ek (2021-03-26)
- Udalbusa mantentzea erabaki du Elgoibarko Udalak, baina bidai bakoitzak euro bateko prezioa izango du (2021-03-24)
- Erabiltzaile gehien dauden ordu tarteetan autobusaren zerbitzua indartzea eskatu du EH Bilduk (2021-02-26)
- Gutxienez Urazandiko igogailuaren obra bukatu arte martxan egongo da herri barruko autobus zerbitzua (2021-02-25)
- Autobusaren inguruko eztabaidari uko egitea aurpegiratu dio EH Bilduk Udal Gobernuari (2020-11-03)
- Herriko autobus zerbitzuak geraleku gehiago izango ditu astelehenetik aurrera (2020-10-29)
- Herrirako autobus zerbitzu osoa jartzeko eskaera egin du EHBilduk eta eskaera hori aztertzeko konpromisoa hartu du Udalak (2020-09-30)
- Elgoibarko udalerri osoa hartuko duen autobus zerbitzua eskatu du EH Bilduk (2020-09-15)
- Herri barruko autobus zerbitzua martxan izango da Urazandin igogailu publikoa ipintzeko lanak amaitu artean (2020-09-03)
- Abuztuaren 10ean hasiko dituzte Urazandin bi igogailu publiko eraikitzeko lanak (2020-07-30)