• PSE-EEren iritzia
EAJrekin Udal Gobernua osatzen duen Elgoibarko PSE-EEko zinegotzi Ariana Nogalesek prentsa ohar bidez adierazi du alderdi sozialistarentzat ulergaitza zela herri barruko autobusaren aldeko aposturik ez egitea, "funtzesko zerbitzu publikoa izanik" euren ustez. Nogalesen arabera, EAJ erabaki honen inguruan gogoeta egitera behartu dute, "beraiek bakarrik baitzeuden zerbitzua ez mantentzearen alde". Zehaztu duenez, orain dela hiru hilabete landu zituzten udal-aurrekontu proiektuetan zerbitzua bertan behera lagatzea aurreikusten zen, baina sinetsita dago PSE-EEk eta EH Bilduk zerbitzua mantentzearen alde aurkeztu zituzten zuzenketek "gogoeta egitera" bultzatu zuela EAJ, eta horregatik hartu duela zerbitzua mantentzeko erabakia. "Izan ere, herri barrurako autobuserako diru partida 75.000 eurokoa zen 2020an eta 20.000 eurora jaitsi zuten 2021erako, Urazandin igogailu publikoa jartzeko lanak bukatu eta gero zerbitzua bertan behera lagatzea aurreikusten zutelako".
Herri barrurako autobusa ezartzeko ideia hauteskunde programan zeraman herriko alderdi "bakarra" PSE-EE izan zela dio Nogalesek, "elgoibartarren eskaera bat" zelako. Alabaina, gaur egungo zerbitzua "urriegia" dela uste du, eta hobetzeko eta herriko auzo guztietara zabaltzeko hausnarketa hasi beharra dagoela dio. Nogalesen iritziz, herritarren mugikortasunerako beharrei behar bezalako erantzuna emanda, "prezio lehiakorrekin", besteak beste, autoa gutxiago erabiltzea lor daiteke, eta era horretan herri barruko trafikoa arindu eta aparkaleku arazoari irtenbidea eman.
• EH Bilduren iritzia
Elgoibarko EH Bilduk ere eman du euren iritziaren berri. "Eguaztenean jakin genuen, prentsatik, Elgoibarko udal gobernuak autobus zerbitzuarekin aurrera jarraitzeko asmoa duela, eta horretarako bi urterako lizitazioa aterako duela. EAJren iritzi aldaketa ongi etorria da. Bazen ordua! Oposiziotik egindako lanak eta herritarren eskaerek zerbaiterako balio dutela erakusten du honek", adierazi dute prentsa ohar bidez. Alderdi subiranistak ere "albiste ona" iritzi dio zerbitzua mantentzeko erabakiari, eta EH Bildutik aspalditik bultzatu duten zerbitzua dela gogora ekarri dute, eta baita herritar askoren nahia eta beharra ere bai. "Legegintzaldi hasieratik esan dugu Elgoibarrek autobus zerbitzua behar duela auzoak erdigunera gerturatzeko, herritarrak herriko dendetan erostera animatzeko, azken finean herria biziberritzeko", esan dute. Emaitza positiboa izan arren, EAJk "kudeaketa eskasa" izan duela salatu dute: "Arlo honetan bere lehen erantzuna beti ezezkoa izan da. Errealitateak horrela bultzatuta proposamen bat aurrera eraman duenean inorekin kontatu gabe atera izan du. Azkenean, zerbitzua mantentzearen kontra egindako adierazpen guztien ondoren aurkezten dute, berriro ere inorekin kontatu gabe, proiektu bat xehetasun guztiekin: lineak, geltokiak, ordutegia, prezioak, e.a".
Zerbitzuaren ezaugarriak guztien artean adosteko deia egin dio EH Bilduk EAJri, batez ere lineak, bidaien maiztasuna eta prezioak. Gobernu taldeak azaldu dituen asmoak herritarrentzat oso garestiak direla uste dute, ez baldin badira txartel politika edo tarifa finko politika batez laguntzen, eta honako eskaera egin diote Udal Gobernuari eta ganerako alderdiei: "Diseina dezagun denon artean autobus zerbitzu duin bat elgoibartar guztientzat".
• Elkarrekin Podemosen iritzia
Herritarren hitza beti hartu behar dela kontuan adierazi du Elgoibarko Elkarrekin Podemosek sare sozialetan zabaldu duen mezuan. Bere lana eta oposizioko taldeen lanari esker mantenduko dela "Herribusaren zerbitzua" azaldu du, baina hobetzeko aukerak ikusten dizkio, "Elgoibarko eremu guztien onerako". "Espero dezagun oraingo honetan Udal Gobernuak oposizioaren hitza kontuan hartzea eta meritua aipatzea, borroka egin dutenak beste batzuk direnean. Zorionak Herribusa geratzeko asmoz borrokatu direnei", adierazi dute.
∞Lotura duten albisteak:
- Udalbusa mantentzea erabaki du Elgoibarko Udalak, baina bidai bakoitzak euro bateko prezioa izango du (2021-03-24)
- Erabiltzaile gehien dauden ordu tarteetan autobusaren zerbitzua indartzea eskatu du EH Bilduk (2021-02-26)
- Gutxienez Urazandiko igogailuaren obra bukatu arte martxan egongo da herri barruko autobus zerbitzua (2021-02-25)
- Autobusaren inguruko eztabaidari uko egitea aurpegiratu dio EH Bilduk Udal Gobernuari (2020-11-03)
- Herriko autobus zerbitzuak geraleku gehiago izango ditu astelehenetik aurrera (2020-10-29)
- Herrirako autobus zerbitzu osoa jartzeko eskaera egin du EHBilduk eta eskaera hori aztertzeko konpromisoa hartu du Udalak (2020-09-30)
- Elgoibarko udalerri osoa hartuko duen autobus zerbitzua eskatu du EH Bilduk (2020-09-15)
- Herri barruko autobus zerbitzua martxan izango da Urazandin igogailu publikoa ipintzeko lanak amaitu artean (2020-09-03)
- Abuztuaren 10ean hasiko dituzte Urazandin bi igogailu publiko eraikitzeko lanak (2020-07-30)