Erabiltzaile gehien dauden ordu tarteetan autobus zerbitzua indartzea proposatu du EH Bilduk. Ildo horretan, gogorarazi du gobernu-taldeak konpromisoa hartu zuela, "EH Bilduk bultzatuta", Elgoibarren auzo guztiak barne hartuko lukeen autobus integraleko zerbitzu bat ezartzeko aukerari buruzko ikerketa bat egiteko, eta gai hori alde bakarrez baztertuta geratu zela adierazi dute, "gobernu taldeak horretarako sortutako alderdien mahaia haustea erabaki zuenean".
EH Bilduk "Herribusari" buruzko ikerketa zertan den jakin nahi du eta horretarako galdera bat aurkeztu dio gobernu taldeari. "Idatzizko galderan, EH Bilduk gogorarazi du batzorde batean gobernu taldeak HerriBusa martxan jarri aurretik azterketa bat egiteaz hitz egin zuela. Beraz, azterketa hori zein fasetan dagoen jakin nahi dugu". Era berean, Urazandiko autobus zerbitzuaren erabiltzaile kopuruari buruzko datuak eskatu dizkio ezker subiranistak udal gobernuari. Aldez aurretik azterketak egin behar direla ulertu arren, EH Bilduk uste du "HerriBusa" bideragarritasun kontuetatik haratago doala, Elgoibarko herritar askoren oinarrizko beharrei erantzuten dien zerbitzua izango litzatekeelako eta, gainera, tokiko ekonomian kuantifikatzen zailak diren onurak ekar ditzakeelako. "Oso gutxi dira ekonomikoko errentagarriak diren garraio publikoak", adierazi dute.
Azkenik, EH Bilduren ustez, Urazandiko autobus zerbitzua asteburu osora zabaltzeko aukera aztertu beharko litzateke. Ezker subiranistaren ustez, zerbitzu hori egongo balitz herritarrek erabiliko lukete.
∞Lotura duten albisteak:
- Gutxienez Urazandiko igogailuaren obra bukatu arte martxan egongo da herri barruko autobus zerbitzua (2021-02-25)
- Autobusaren inguruko eztabaidari uko egitea aurpegiratu dio EH Bilduk Udal Gobernuari (2020-11-03)
- Herriko autobus zerbitzuak geraleku gehiago izango ditu astelehenetik aurrera (2020-10-29)
- Herrirako autobus zerbitzu osoa jartzeko eskaera egin du EHBilduk eta eskaera hori aztertzeko konpromisoa hartu du Udalak (2020-09-30)
- Elgoibarko udalerri osoa hartuko duen autobus zerbitzua eskatu du EH Bilduk (2020-09-15)
- Herri barruko autobus zerbitzua martxan izango da Urazandin igogailu publikoa ipintzeko lanak amaitu artean (2020-09-03)
- Abuztuaren 10ean hasiko dituzte Urazandin bi igogailu publiko eraikitzeko lanak (2020-07-30)