Erosketak egiterakoan adinekoak esertzeko aulki bat izango dute herriko hainbat saltokik

Barren.eus 2022ko mai. 4a, 14:51

Herriko hainbat establezimendutan, kanpoan zein barruan, kuxin gorri bat duen aulki txuri bat ikusiko dute aurrerantzean bezeroek. ‘Establezimendu Lagunkoia’ ekimenekoek oparitu dizkiete aulkiok saltokiei, adineko pertsonak eseri ahal izateko, erosketak egiterakoan zain dauden bitartean.

‘Establezimendu Lagunkoia’ ekimenaren lehen urteurrenarekin bat eginez, talde eragileak aulki bana oparitu die ekimenarekin bat egin duten 32 establezimenduei, eta gaur jaso dituzte. "Aulki inklusiboak" deitu diete ekimen honen berri emateko egin duten agerraldian, "adineko pertsonak eseri ahal izateko dira aulkiok, erosketa egiteko unean beren txandaren zain dauden bitartean", azaldu dute.

Ekimenaren sustatzaileek parte hartzera gonbidatu dituzte herriko establezimenduak, eta aulkiok kalera ateratzeko eskatu diete, beren lokaleko sarrerak horretarako aukerarik ematen badu, adineko herritarrak eser daitezen eta "beren hurbiltasun- eta tratu pertsonalizatuaren balioak ezagut ditzaten gonbidatzeko, erosketa bat egiteko inolako konpromisorik gabe", azaldu dute.

Loreak Emakume Taldeko kideek ere parte hartu dute egitasmoan. Jostun tailerrean kuxinak sortu dituzte aulkiak erosoagoak izan daitezen, Zabaltzen Sartu elkartearen eta Marisabel Etxeberria herriko jostunaren laguntzarekin.

2022 05 04 aulkiak establñezimendui lagunkoiak elgoibar udala loreak taldekoak
Horrekin batera, ekimenari ikusgarritasuna eman asmoz, ‘Establezimendu Lagunkoia’ ekimeneko sustatzaileek establezimenduei eskatu diete adinekoekin dituzten "jardunbide egokien" bideoak eta argazkiak interneten zabaltzeko, hala nola etiketen testuaren tamaina handitzeko, erosketak etxera eramaten laguntzeko, edo lokaletan sartzeko zailtasunak ezabatzea.
2021eko apirilean, 32 establezimenduk ‘Establezimendu Lagunkoia’ zigilua jaso zuten Elgoibarren, bezero helduenak erakartzeko eta haien establezimenduak kolektibo horrentzako gune lagunkoi bihurtzeko praktikak irakatsi zitzaizkien ikastaro bat egin ondoren. Aholku bidezko hezkuntza-kanpaina bat, kostu txikiko praktikak eskaintzen dituena edo ez, enpresei bezero zaharrenak erakartzen laguntzeko.
Udalak parte hartzera gonbidatu ditu oraindik bat egin ez duten establezimenduak. Horretarako mezu bat idatzi behar dute elgoibarlagunkoia@elgoibar.eus helbidera, eta gero, lagunkoitasunari buruzko ikastaroa bat egin beharko dute, online, beren establezimenduak bezeroentzat lagunkoiagoak izan daitezen eta adinekoen beharretara egokitzeko bidean aurrera egin dezaten.

 • Elgoibar Lagunkoia, 5 urteko bidea
Elgoibarko Udalak Euskadi Lagunkoia programarekin bat egin zuen 2018an. Elgoibar Lagunkoiak herritar guztien artean hobetzea du helburu, adinekoak erdigune eragile gisa hartuta, udalerriko auzo eta inguruneak.
Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako ekimena da, Matia Fundazioaren eta Elgoibarko Udalaren laguntza teknikoarekin. Horren helburua adinekoen potentziala aprobetxatzea eta udalerriko herritarren bizitzan ongizatea sortzeko protagonista bihurtzea da, adin guztientzako gizartea eraikitzen lagunduz.

2022 05 04 aulki lagunkoia elgoibar komertzioetarako BARREN dendan

2022 05 04 aulki lagunkoia elgoibar komertzioetarako BARREN merkatuplazan

2022 05 04 aulki lagunkoia elgoibar komertzioetarako BARREN okindegian

∞Lotura duten albisteak: