Goizargi Gospel Choir taldearekin batera ariko da zapatuan Elgoibarko Udal Musika Banda Kalegoen plazan, 22:30ean hasita.
Euskal Herriko hamabi gospel kantarik osatzen dute Goizargi gospel taldea eta Ramon Scalek zuzentzen du. Eskarmentu handiko zuzendaria da Scale eta nazioarteko gospel abeslari ezagunekin egin izan du lan. Gaur egun, Bartzelonako Gospel Messengers gospel taldea, Manresako Esclat Gospel Singers taldea eta Bartzelonako Lizeo kontserbatorioko gospel abesbatzak zuzentzen ditu eta 2005az geroztik Gospel Rajadell nazioarteko campuseko zuzendari pedagogiko eta artistikoa ere bada. Piano-jolea eta moldaketagilea da izatez Scale eta Chucho Valdes, Omara Portuondo, Paquito de la Rivera eta Jerry Gonzalez musikari ezagunekin kolaboratu izan du.
Elgoibarko Udal Musika Bandak ere ez du estreinako aldia era honetako kontzertu bereziak edo kolaborazioak antolatzen. 2016ean, esate baterako, Rock gaua antolatu zuten eta herriko musikarekin batera jo zuten Maalan, eta urtebete geroago Celtas Cortos taldearekin batera aritu ziren Kalegoen plazan. 2018an berriro ere Rock Gaua egin zuten Maalan, Alex Sardui, Jon Gurrutxaga, Jon Zabala eta herriko beste hainbat musikariren laguntzarekin. Eman zuten era honetako azken kontzertuan, 2019an, Bandak Parrokiko eta Soraluzeko Ezoziko Ama abesbatzekin batera eman zuen Kontzertu Gaua.
∞Lotura duten albisteak:
- Bete betea izan da Kontzertu Gaua (2019-06-14)
- Jendez gainezka izan zen Maala Udal Musika Bandaren Rock Gauean (2018-06-11)
- Kalegoen plaza jendez gainezka, Celtas Cortos eta Elgoibarko Udal Musika Bandaren kontzertuan (2017-06-17)
- Gorka Mujika: “Gaur ere herritarrek ez digute hutsik egingo; seguru nago” (2017-06-16)
- Rock Gaua eskainiko dute Udal Musika Bandak eta herriko musikariek Maalan (2016-06-14)