Rock Gaua eskainiko dute Udal Musika Bandak eta herriko musikariek Maalan

Barren.eus 2016ko eka. 14a, 17:21

Rock Gaua eskaintzeko indarrak batu dituzte Elgoibarko Udal Musika Bandak eta herriko musikari talde batek. Kontzertu “berezia” izango dela aurreratu dute eta rock talde ezagunenetarikoen kantuak joko dituzte: Metallica, AC/DC, Scorpions, Deep Purple, Ken Zazpi eta Gatibu, besteak beste. Zapatu honetan, hilaren 18an, izango da. 

Rock Gaua musika jaialdian Elgoibarko Udal Musika Bandako 54 kideek hartuko dute parte, eta Bandak sei musikari elgoibartarrek kontzertu honetarako propio sortu duten rock taldearen laguntza izango du. Hona hemen sei taldekideak: Silvia Hernandez (teklatuak), Jon Gurrutxaga (ahotsa), Ander Mujika eta Patxi Zabaleta (gitarrak), Andoni Mujika (baxu elektrikoa), eta Ruben Irigoien (bateria). Gorka Mujikak zuzenduko du kontzertua. 

•Kontzertu “berezia”

Antolatzaileen berbetan, Rock Gauaren helburu nagusia da bandek eskaintzen dituzten ohiko saioetatik aldentzen den kontzertu “desberdin” bat eskaintzea. “Udal Musika Banda hizkuntza musikal desberdin bat erabiltzen duen beste formazio batekin fusionatzerakoan ezin hobea da emaitza”, nabarmendu dute. Eskaintza berri honekin, Bandaren kontzertuetara publiko “berria eta gazteagoa” erakarri nahi dute. Asmo horretan, mundu mailan ezagunak diren bederatzi rock talderen piezak joko dituzte, besteak beste, Metallica, AC/DC, Scorpions, Deep Purple, Ken Zazpi, Koprtatu eta Gatiburen abesti ezagunenetarikoak. Bandak eta sei musikariek hilabete inguru daramate kontzertua elkarrekin prestatzen eta bakoitza bere aldetik ere aritu da entseatzen.

Elgoibarko Udal Musika banda 1885. urtean sortu zuten. Hasierako urte haietan hamalau musikarik osatzen zuten taldea eta 54 musikari aritzen dira gaur egun hilero Herriko Antzokian eskaintzen dituzten kontzertuetan. Aurrez ere jo izan du Bandak beste talde eta formazioekin batera: txistulariekin, dultzaineroekin, koroarekin edo gaita galiziarren taldearekin, esaterako. Rock taldearekin egingo duten bateratze hau, baina, erronka askoz handiagoa eta “jauzi kualitatiboa” izango dela nabarmendu dute Bandako arduradunek.

Rock Gaua zapatuan, ekainaren 18an, eskainiko dute, Maalako parkean, 22:30ean hasita. Ordu eta laurdeneko kontzertua izango da. 

rock gaua elgoibar udalbangagaz