Elgoibarko Udal Musika Bandak Rock Gaua eskaini zuen iaz Maalan, eta bai bandako kideak eta baita ikusleak ere oso gustura geratu ziren kontzertu harekin. "Batek baino gehiagok esan zigun kontzertu hura errepikatu egin behar genuela, oso ona izan zelako" azaldu du Gorka Mujikak. Orduan erabaki zuten beste zerbait egin behar zutela. Eta iaz, Donostiako jaietan Irungo bandak kontzertua eskaini zuen Celtas Cortos taldearekin, eta Gorka Mujikak kontzertu hartan parte hartu zuen. "Iruditu zitzaidan egokia izan zitekeela Elgoibarren gauza bera egiteko. Taldearen managerrarekin egin nuen lehen kontaktua Donostian bertan, eta oporren ostean, Txomin Mujikak hartu zuen gestioaren ardura".
Gaur gauean, 22:30ean, Celtas Cortos taldearekin batera Kalegoen plazan eskainiko duten kontzertua moduko asko eman ditu azken aldian Valladolideko taldeak. "Celtas Cortosek kontzertu asko eskaini ditu formato honetan, eta dena oso ondo prestatuta daukate. Abestien partitura guztiak bandako instrumentuekin joteko prestatuta dituzte. Horiek bidali zizkiguten, eta baita abestien erritmoak, jakiteko guk zein erritmotan jo behar ditugun. Gure kontura egin ditugu entseguak, eta gaur egingo dugu azkena. Gaurko entsegu horretan Celtas Cortos taldeko kideak ere egongo dira. Astean bi egunetan bildu gara azken hilabete eta erdian. Normalean baino entsegu gehiago egin ditugu. Kontuan izan behar da gure hileroko kontzertuetan bost edo sei pieza joten ditugula, eta gaurko kontzertuan 16 pieza joko ditugu", azaldu du Mujikak. Irakurri osorik Gorka Mujikak BARRENi eskaini dion elkarrizketa.
• Celtas Cortos bide berriak urratzen
Celtas Cortos taldeko kide Goyo Yevesek ere erantzun ditu BARREN aldizkariaren galderak. Euren abestiak bandarekin jotea oso berezia eta polita dela adierazi du Celtas Cortos taldeko saxofoi joleak. "Orain dela urte batzuk izan genuen honelako esperientzia bat Valladolideko txaranga batekin. Ez da gauza bera, baina hori izan zen lehenengo esperientzia. 2014an, Contratiempos diskoa kaleratu genuenean, ikusi genuen lau abesti musika banda batekin joteko oso aproposak zirela. Valladolideko kontserbatorioan jende ezaguna daukagunez, bertako bandarekin grabatu genituen abesti horiek. Diskoan oso ondo geratu ziren, eta zuzeneko emanaldietara eramateko aukera aztertzen hasi ginen. Gipuzkoako promotore batek aipatu zigun Oskorri taldeak ere egin zuela estilo honetako zerbait eta oso ondo irten zela. Hori jakinda, gure abestiak musika bandekin joteko prestatu genituen, eta horrela hasi genuen ibilbide hau", azaldu du. (elkarrizketa osoa hemen)
Valladolideko lagun talde batek Celtas Cortos taldea sortu zuen 1986an, eta gaur arte bi milioi disko baino gehiago saldu ditu. Rock, folk eta zelta estiloko musika egiten dute.