Sigmako eskolan ikasitakoak bazkari baten bueltan batu dira

Barren.eus 2022ko uzt. 24a, 14:21

Aspaldiko lagun eta ezagunak berriro ikusteko elkargunea izan zen atzokoan Sigma auzoa. Guztira 110 lagun inguru batu ziren ospakizun bazkari baten bueltan, bertako eskolan ikasitakoak eta auzoko lehengo eta gaurko bizilagunak.

2013an egin zuten era honetako aurreneko bazkaria, Sigmako eskolak 50 urte bete zituela ospatzeko. Handik bost urtera ere errepikatu zuten bazkaria eta baita aurten ere. "Oso ondo pasa genuen aurrekoetan, eta ondo funtzionatzen duenari eutsi egin behar zaio. Leku askotariko jendea etortzen da, urrunetik ere bai batzuek, han eta hemen bizi baikara Sigmako eskolan ikasitakoak. Hortaz, elkarri kontatzeko kontu asko izaten dugu", azaldu dute antolatzaileek.

Auzoko frontoian bazkaldu zuten aurtengoan eta giro ederra sortu zela azaldu dute.

2022 07 23 sigma auzotarren bazkaria frontoian

 • Pilota txapelketako finalak, uztailaren 25ean
Bi urtean jokatu gabe egon ostean, Sigmako Pilota Txapelketa antolatu du berriro ere Eulogio Estarta Elkarteak, Alcorta Forging Group enpresaren babesarekin eta Lagunak Pilota Eskolakoen laguntzarekin. Txapelketaren 40. ekitaldia da aurtengoa. Lehen mailako eskuz binakako txapelketan sei bikote aritu dira lehian azken asteetan, eta lau bikotek hartu dute parte beteranoen mailako txapelketan. Horiez gain, emakumezkoen binakako pala txapelketa antolatu dute aurten estreinakoz eta lau bikote ibili dira lehian.
Santiago Egunean, uztailaren 25ean jokatuko dituzte Sigmako pilota Txapelketako finalak, 11:30etik aurrera. Eskuz binakako lehen mailako finalean Txurruka IIk eta Berguak Konde eta Agirrebeñaren aurka jokatuko dute. Beteranoetan, beriz, Berazak eta Telleriak Madariaga eta Zubiria izango dituzte aurkari. Azkenik, pala txapelketan Sonia Tomas eta Iratxe Astigarraga, batetik, eta Maria Badiola eta Yolanda Mateos, bestetik, ailegatu dira finalera.

Ohi duten moduan, Eulogio Estarta Elkarteak doako luntxa eskaini die frontoira hurbilduko diren lagunei.

Lotura duten albisteak: