Aurten ez dituzte Sigmako jaiak ospatuko eta pilota txapelketa ere bertan behera laga dute

Barren.eus 2017ko eka. 28a, 16:05

Dagoeneko jokoan egon behar zuen Sigmako Pilota Txapelketa beteranoak, -37. edizioa izan behar zuen aurtengoak-, baina ez da pilota hotsik Sigmako frontoian, txapelketa ez antolatzea erabaki baitute antolatzaileek. Era berean, Santiago Egunean ospatzen dituzten auzoko jaiak ere ez dituzte antolatuko.

Festarako lagunak topatzea erraza den moduan, jaiak antolatzeko prest dauden lagunak elkartzea gero eta zailagoa dela dirudi. Festarako denak prest, baina lanerako gutxi. Elgoibarko zenbait auzo eta kaletako jaietan gertatzen ari dena ikusi besterik ez dago. Errosario kaleko jai-batzordeak amaitutzat eman zuen bere jarduna iaz, eta Altzolan auzoan ere ez da izan San Joan ospakizunik aurten.
Orain, Sigma auzoa batu zaie. Santiago Egunaren bueltan antolatzen dituzten jaiak ez dituztela ospatuko jakinarazi du Eulogio Estarta elkarteko Jose Antonio Ruizek. Azken sei urteetan berak eraman du pisurik handiera Sigmako Pilota Txapelketa antolatzen aritu direnen artean, eta uztailaren 25ean, Santiago Egunean, antolatzen dituzten festak prestatzen ere aritu da azken bi urteetan. 2014an festak indarberritu eta orain dela urte batzuk egiten zituzten jaiak berreskuratu zituzten auzokoek. "Arrakasta handikoak" izan zirela azaldu du Ruizek. "Umeentzako jolasak egin genituen aparkalekuan, oso txukun antolatuta eta jendetza etorri zen. Gorriti eta bere animaliak ere ekarri genituen eta pena ematen du hasitako bidea eteteak, baina jendeak uste duena baino lan gehiago ematen du horrelako gauzak antolatzeak, eta denera ailegatzeko astirik gabe nabil ni. Batek baino gehiagok esan dit pena hartuko dutela jairik antolatzen ez badugu, umeek oso ondo pasatzen dutelako, baina gero ez daude antolatzen laguntzeko prest. Sei edo zortzi lagun agertuko balira jaiak antolatzeko prest, nik ez nuke laguntzen jarraitzeko arazorik izango", azaldu du.
• Pilota Txapelketa beteranorik gabe
Sigma auzoko jaietako ekintza esanguratsuena den Sigmako Pilota Txapelketa bertan behera lagatzeak are pena handiagoa ematen dio Ruizi. "Ia 40 urtean egin den txapelketa bat bertan behera lagatzeak tristura ematen du", dio. Iaz, 35. edizioan, hamalau bikotek parte hartu zuten eta Elgoibako pilotariez gainera inguruko herrietakoek ere jokatzen dute txapelketa honetan: Soraluzeko, Debako, Azkoitiako edo Markinako pilotariek, besteak beste. Edonola ere, urtebeteko etena izan daitekeen itxaropena dauka Ruizek. "Eulogioa Estarta auzoko elkarte gastronomikoak antolatzen du txapelketa eta hurrengo urtean sartuko diren zuzendaritzako kideekin berba egin dudanaren arabera prest daude hurrengo urteko txapelketa antolatzeko", azaldu du.

sigma pilota txapelketa 2013 elgoibarLotura duten albisteak: