Alex Bergua eta Eneko Etxanizek, Danel Iriondori eta Beñat Juradori 18-6 irabazi zieten Lagunak eskolako pilotarien arteko lehian. Gero, Lehen Mailan aritu diren pilotarien arteko finala hasi da. Igor eta Iker Txurruka anaiek Madariagaren eta Felixen aurka jokatuko dute eta Txurruka anaiek irabazi dute partida, 22-16ko emaitzarekin. Beteranoen arteko finalean Telleriak eta Berazak lortu dute garaipena, Egañaren eta Astigarragaren aurkako partida estua jokatu eta gero. 22-18 irabazi dute. Azken tantoetan partida eten behar izan dute zenbait minutuan ikusleetako bat zorabiatu eta lurrera erori denean kolpe handia hartu duelako buruan. Larrialdi zerbitzuei deitu diote antolatzaileek eta anbulantzia etorri da gizonezkoa artatzera. 20-18 zihoazen etenaldia gertatu denean, eta Berazak eta Telleriak egin dituzte 22ra heltzeko behar zituzten bi tantoak.
Giro polita egon da Sigmako pilotalekuan eta ohi duten legez, Eulogio Estarta Elkarteak doako luntxa eskaini die frontoira hurbildu diren lagunei.
Ia 40 urtean egin den pilota txapelketa eta Sigmako jaiak ez antolatzea erabaki zuten iaz auzotarrek eta Eulogio Estarta Elkarteko kideek, antolakuntza lanetan aritzeko prestutasun gutxi eta lagun nahikorik ez zegoela-eta. Urtebeteko etenaren ostean, berriro antolatu dute aurten pilota txapelketa, baina aurreko urteetan baino pilotari gutxiagorekin. Lau bikote aritu dira lehian Lehen Mailan eta beste lau bikote beteranoetan.
∞Lotura duten albisteak: