Senior gizonezkoen mailan Asier San Vicente ehiztari arabarrak jantzi zuen txapeldunaren txapela, 9 eper ehizatuta. Julen Unzalu bizkaitarra sailkatu zen bigarren 6 eper eta 9 galeper ehizatuta; eta, Arkaitz Egaña Bastida elgoibartarrak osatu zuen podiuma, ehizatu zituen 7 eperrei eta 2 galeperrei esker. Hiru ehiztariok izango dira Euskadiko Ehiza Federazioaren ordezkariak azaroan jokatuko duten Espainiako Ehiza Xehe Txapelketako finalerdietan.
David Conde Martinez elgoibartarrak ere hartu zuen parte Zanbranan jokatu zuten Euskadiko txapelketan, txapeldunorde izan baitzen urriaren 2an jokatu zuten Gipuzkoako Txapelketan. Euskadikoan 9. postuan sailkatu zen, bi eper ehizatuta.
• Leire Egaña txapeldun
Senior emakumezkoen lehiaketan Leire Egaña Bastida gailendu zen, bi eper eta beste bi galeper ehizatuta. Ainhoa Toledok egin zuen bigarren. Hala, astebete lehenago Gipuzkoako Txapelketan eskuratu zituzten postuak trukatu zituzten bi ehiztari gipuzkoarrek, Ainhoa Toledok irabazi baitzuen Gipuzkoako txapelketa eta bigarren egin zuen Leire Egañak. Datorren domekan, urriaren 16an, Muneran (Albacete, Espainia) jokatuko duten Espainiako txapelketan parte hartuko du ehiztari elgoibartarrak.
• Mauro Gonzalez txapeldunorde
Beteranoen kategorian Jose Mari Mendizabal gipuzkoarra izan zen onena, 3 eper eta 2 galeper ehizatuta. Mauro Gonzalez ehiztari mendaroarrak gertu izan zuen garaipena, baina bigarren egin zuen azkenean, 3 eper eta galeper batekin, hau da, irabazleak baino galeper bat gutxiago ehizatuta. Dunarekin lehiatu zen Gonzalez, 12 urteko txakurarrekin.