Bateria eskola emango du Ilargi Agirre bateria-jotzaileak Elgoibarko musika eskolako auditoriumean

Barren.eus 2022ko urr. 18a, 15:36

Ilargi Agirre bateria-jotzailearen masterclassa antolatu du EME Elgoibarko Musikarien Elkarteak, urriaren 27rako. Elgoibarko musika eskolako auditoriumean izango da bateria eskola.

Elgoibarko Udalaren eta Inazio Bereziartua musika eskolaren laguntzarekin antolatu du saioa EMEk.

Ilargi Agirre Iturregi (Zarautz, 1998) bateria-jotzailea eta irakaslea da. Perlak talde zarauztarrean hasi zuen musika ibilbidea Agirrek, post punka eginez, eta bi disko argitaratu zituzten: Perlak eta Itzaletatik. Geroztik, hainbat proiektutan ibili da bateria-jotzaile gisa. Screaming George and the Hustlers, Belarmiñak eta Joseba B. Lenoirrekin hirukotean lehendabizi, eta ondoren, bi bateriako formatuan Haiek izorra nahi haute (2018) diskoan eta biran. Mice proiektuan ere jardun da, bai eta Idoia Hernandez piano-jotzailearen Hatxe proiektuko Panpin hautsien dantza ikuskizunean (2020) ere parte hartu du, musika esperimentala, klasikoa eta perfomancearen mundua batuz. Era berean, Berria egunkariko Bi ahotsetara atalean musikari buruzko zutabeak idazten ere aritu zen bi urtez, 2016tik 2018ra. Egun, Loatzo musika eskolan ematen ditu eskolak eta zuzeneko emanaldiekin uztartzen du bere irakasle-lana. Birkit taldearekin Inertzia diskoa aurkezten ari da une honetan, eta Jose Luis Otamendi poetarekin batera, poesia eta perkusioa uztartuko dituen emanaldi bat ere estreinatu dute aurki: Landura.

19:30ean hasiko da masterclassa.

2022 10 17 EME ILARGI AGIRRE kartela