Eguerdian hasi zituzten Elgoibarko Musikarien Eguneko ekintzak, baina egitarauaren atal nagusia arratsaldeko 18:00etan hasi zuten. Erraldoi eta buruhandiek Maalako parkea utzi bezain laster, Bikustik taldeak ireki zuen kontzertuen txanda. Patxi Zabaleta bakarrik igo zen oholtzara, bere bikotekide den Ion Gurrutxaga gaixorik zegoelako, eta berari egokitu zitzaion EME elkartearen izenean aurkezpena egitea. Lehenengo EME eguna zutela esan zuen, baina ez zela azkena izango aurreratu zuen, oso ondo pasatzen ari zirelako. Zabaletak bakarka eskaini zituen abesti batzuk, baina bi gonbidatu igo zituen berarekin oholtzara: Ehun Kilo taldeko Ion Zabala igo zen lehenengo Ehun Kiloren Mendekua abestera, eta gero, Iban Urizar Amorantek tronpeta eta ahotsarekin lagundu zion pare bat abestitan. Bikustik taldearen ondoren, Eleaners taldearen txanda iritsi zen, eta hauek ere, hainbat talde ezagunen bertsioak jotzen jarraitu zuten. Giroa bero bero zegoen ordurako, Maalako parkea jendez gainezka eta bata bestearen atzetik igo ziren gero oholtzara beste lau talde: Ellie Jensen, Dani and the Sotos, Jesy’s Tyros, K-104. Talde bakoitzak ordu erdiko tartea izan zuen, eta seguru bai musikariak eta baita entzuleak ere, gehiagorako gogoz geratu zirela.
EME Egunari buruzko erreportajea BARREN aldizkariko 1241. zenbakian -PDF-
*Argazkiak: EMe eta BARREN.