Berako musikariak bere ibilbidean ikasi eta erabili dituen hainbat teknika irakatsi zizkien gitarra eskuetan zuela, teoria eta praktika uztartuz. Arregloak egiteko teknikak eta gomendioak, berak sarrien erabiltzen dituenak, abestietan behin eta berriz errepikatzen diren oinarriak, soka desberdinekin egin daitezkeen konbinazioak, gitarraren mastila erabiltzen hobetzeko teknikak... gitarra jole trebea izateko egin beharreko ariketa sorta ederraren berri eman zien Irazokik, "Euskal Herriko musikari, eta bereziki gitar jole erreferentea" saioaren aurkezpena egin zuen Jon Gurrutxagaren berbetan. Ibilbide luze bezain oparoa duen abeslari eta gitarra jole polifazetikoa baita Joseba Irazoki, konposizioan ez ezik, inprobisazioa ere gogoz bizi duena. Askotariko musika moldetan aritua: folka, rocka, psikodelia... eta tresnen esperimentazioa ere bada bere jardunetako bat. Elgoibarren ere makina bat alditan eman ditu kontzertuak, bakarka zein taldearekin.
EMEk antolatu duen lehen saioa izan da honakoa, baina gehiago iragarri dituzte datozen asteetarako. Apirilaren 6rako Freddi Pelaez grabazio ingeniariaren hitzaldia antolatu dute. Eta, apirilaren 30erako EME Eguna antolatu dute. Elkarteko zazpi taldek hartuko dute parte Maalan egingo duten kontzertuan.
∞Lotura duten albisteak:
- Joseba Irazoki musikariak 'Master Class' irekia emango du eguaztenean (2022-03-07)
- Elgoibarko kultur agenda batzeko webgune bat sortu dute herriko hainbat kultur eragilek (2020-01-14)
- Erabiltzeko prest daude Pedro Mugurutzan egin dituzten musikarientzako entsegu gelak (2019-02-22)
- Pedro Mugurutzako eskola zaharrean eraiki dituzten entsegu lokalak aurkezteko batuko da Udala musikariekin (2018-11-28)
- Musika taldeek entseguak egiteko bost lokal sortuko ditu Udalak Pedro Mugurutzan (2018-06-13)