Iban Murua eta Mayi Mujika nagusitu dira Karakateko Igoeran

Barren.eus 2022ko aza. 19a, 11:28

Iragarpenak bete egin dira. Euria goian-behean eta hotza izan dituzte Karakateko Igoeran, baina ikuskizuna bihurtu da gaur ere Elgoibarren Morkaiko Mendizale Elkarteak antolatu ohi duen proba.

Iaz baino korrikalari gutxiagok parte hartu dute (Iaz 78 izan ziren), eta Iban Murua eta Mayi Mujika elgoibartarrak izan dira denetan azkarrenak. Muruak, 28:01eko denboran osatu du ibilbidea, eta tontorrean 16 segundoko aldea atera dio bigarren egin duen Iñigo Larizi. Kortezubiko Julen Aranguenak egin du hirugarren (29:00) eta Iñaki Goenaga plaentxiarrak laugarren (30:02). Emakumezkoetan Mayi Mujika izan da azkarrena, 35:27ko denborarekin. Hortaz, ez du ondu Maite Maioraren errekor-denbora: 31:37.  Ainhoa Lendinezek egin du bigarren (36:38) eta Naomi Revertek hirugarren (41:44).

 

Eguerdian Euskaraldiaren hasiera jaira joateko aukera emateko, orduerdi aurretik hasi dute lasterketa gaur, 10:30ean. Irten aurretik talde-argazkia atera dute plazan, Euskaraldiko hizkiak eskuan hartuta.

Lau kilometro inguruko bidea da Kalegoen plazatik Karakaterainokoa, eta 700 metrotik gorako desnibel positiboa du (Elgoibarko herrigunea 42 metroko garaieran dago eta 756 metrotara dago Kortazar gaina). Bizi abiatu dira korrikalariak plazatik, eta Iban Muruak egin du denborarik onena. Hala ere, gaur ez du lortu 2017an ezarri zuen marka ontzerik. Orduko hartan 26 minutu eta 17 segundu behar izan zituen gora iristeko. Aurpegi onenaren saria Julen Cidek eskuratu du (Argazkian, Kalegoen plazan, Iñaki Laskurain Morkaiko kidearen eskutik saria jasotzen).

 Eguraldi benetan makurra izan dute gaur Karakateko Igoeran. Euri zaparrada mardulak bota ditu goiz guztian zehar eta baita lasterketaren unean ere. Karakate gainean hiru graduko tenperatura markatzen zuen termometroak. Iragarria zegoen, eta igarri da parte-hartzean, iaz baino hamabi antxitxikari gutxiago irten baitira korrika. Korrikalari gutxiago, baina, hala ere, lehia handia eta ikuskizun aparta izan dira gaur ere, urtero bezala. 2019ko Karakateko Igoeran ere antzerako eguraldia, edo zertxobait okerragoa, izan zuten antxitxikariek, eta orduan moduan gaur ere izan da saltakariei animoak ematera Karakate gainera gerturatu den zale ausartik ere, gehienak autoan igo dira baina banaka batzuk oinez ere bai. Gaurkoan aterkiak ziren nagusi ikusleek azken metroetan alde banatan jarrita sortzen duten bidezidorrean. Sari banaketa ekitaldia udaletxeko arkupeetan egin dute Morkaikokoek.

Jose Ramon Cabrerak ateratako argazki ikusgarriak eta BARRENek ateratakoak ikus ditzakezue honako argazki bilduman.

 

2022 11 19 Karakateko igoera Mayi Mujika

2022 11 19 karakate igoera Euskaraldia

2022 11 19 karakateko igoera iban murua JR cabrera

2022 11 19 karakateko igoera iban murua ta lariz arg JR cabrera

2022 11 19 karakateko igoera iban lariz JR cabrera

2022 11 19 karakateko igoera elgoibar BARREN

2022 11 19 Karakateko igoera Julen Cid aurpegi onena

2022 11 19 karakateko igoera elgoibar saribanaketa BARREN

2022 11 19 karakateko igoera elgoibar saribanaketa arkupeetan BARREN

•Azken urteetako irabazleak: