Ohi baino orduerdi lehenago hasiko da aurtengo Karakateko Igoera

Barren.eus 2022ko aza. 17a, 17:12

Egun bete-betea izango da azaroaren 19a Elgoibarren. Euskaraldiari hasiera emateko jaiak, 'Gaztiok ere Bagaoz martxan' gazteentzako jaiak eta Karakateko igoerak bat egingo dute zapatuan, eta eguraldia gora behera, ziurtatuta egongo da jai giroa kalean zein mendian.

Morkaiko mendi taldekoek orduerdi aurreratu dute Karakateko Igoeraren irteera, jendeak Euskaraldiaren hasiera jaira joateko aukera izan dezan. Hala, 10:30ean abiatuko dira saltakariak Kalegoen plazako frontoiko frontisetik. Gero, nahi duten bidetik igo beharko dute Karakateko tontorreraino, beti ere baserritarren atesareak eta itxiturak errespetatuz. Tontorrean dagoen puntu geodesikoa ukitzean bukatuko dute igoera. Ohiko ibilbideak lau kilometro inguruko luzeera du, eta 700 metrotik gorako desnibel positiboa (Elgoibarko herrigunea 42 metroko garaieran dago eta 756 metrotara dago Kortazar gaina). Izen ematea doakoa da eta 8:30etik 10:00etara bitartean egin ahal izango da Kalegoen plazan. Antolatzaileek 125 lagunetan jarri dute parte-hartzaileen muga. Iaz, 78 lasterkarik hartu zuten parte eta Mikel Beunza (Alkotz, Nafarroa) eta Andrea Garai (Gasteiz, Araba) izan ziren azkarrenak. Probako errekorra Iban Muruak ezarri zuen 2017an: 26 minutu eta 17 segundo. Emakumezkoetan Maite Maiorak du errekorra, 2016an ezarria: 31 minutu eta 37 segundoan.

 

•Azken urteetako irabazleak: