Euskal herriko 32. hiru-txirlo txapelketaren seigarren eta azken saioa hartu zuen Aramaioko Etxaguengo bolatokiak, joan den zapatuan. Guztira 73 bolari lehiatu ziren azken sailkapena erabakitzeko balio zuen tiraldi erabakigarrian, eta Angel Ibarluzea elgoibartarra izan zen onena, zortzi txirlo botata, bakarra laga zuen zutik egin zituen hiru tiraldietan. Jon Andoni Jaka aretxabaletarra sailkatu zen bigarren postuan, zazpi txirlorekin.
Sailkapen orokorrean, baina, irabazleak izan dira MX3T taldeko Jose Angel Ogiza mallabiarra (28 txirlo), gizonezkoetan; eta, Eibarko Asola Berri taldeko Enara Montiel (14 txirlo), emakuzkoetan. San Miguel taldeko Aitziber Olaizola garaipena eskuratzetik txirlo bakarrera gelditu da, 13 bota baititu bolari elgoibartarrak. Markina-Xemeingo MX3T taldeko Eli Egia sailkatu da hirugarren, 12 txirlorekin.
Jabier Osoro elgoibartarra sailkapen nagusiko hirugarren postuan ailegatu zen azken jardunaldira, baina tiraldiaren ostean, zazpigarren amaitu du, 20 txirlorekin. Osorok berak, Angel Ibarluzeak eta Aitziber Olaizolak osatu duten San Migel A taldea txapeldunorde izan da taldekako sailkapenean. Markina-Xemeingo MX3T B taldea nagusitu da taldeka, 81 txirlo botata, San Migel A taldeak baino hiru gehiago.
Aurtengo txapelketaren balorazio "oso positiboa" egin du Euskal Herriko hiru txirlo bola joko modalitatearen lehendakaria den Mikel Urkia Zuloagak. "Bataz beste 70 bolari ibili gara jaurtialdi bakoitzean, eta kopuru polita da hori", esan du. Etxaguengo Orixol elkartekoentzak ere esker oneko hitzak izan ditu, han egin baitzuten sari banaketa ekitaldia zapatuan, eta "bertokoak izango bagina bezala hartu gintuztelako".
Euskal Herriko 32. hiru-txirlo txapelketako sailkapena:
Gizonezkoetan:
- Jose Angel Ogiza, Mallabia (MX3T): 28 txirlo
- Santos Muñoz, Azkoitia (Floreaga): 25 txirlo
- Sebastian Arantzabal (Elgeta): 23 txirlo
Emakumezkoetan:
- Enara Montiel, Eibar (Asola Berri): 14 txirlo
- Aitziber Olaizola, Elgoibar (San Miguel): 13 txirlo
- Eli Egia, Markina-Xemein (MX3T): 12 txirlo
∞Lotura duten albisteak:
- Jabier Osoro hirugarren postuan ailegatuko da Euskal Herriko bola txapelketako azken tiraldira (2022-11-14)
- Xabier Loiolak irabazi du Euskal Herriko Hiru-txirlo bola joko txapelketako hirugarren jaurtialdia (2022-10-24)
- Ganix Rodrigezek irabazi du Euskal Herriko Hiru-txirlo bola joko txapelketaren lehenengo jaurtialdia (2022-10-11)