Etxean jokatu zuen Ganix Rodrigez eibartarrak bota zituen txirlo gehien lehen jardunaldian: 7 txirlo hiru tiraldietan (2-3-2). Markina-Xemeingo hiru txirlo klubeko (MX3T) hiru bolarik seina txirlo etzatea lortu zuten eta parrekoak egin ondoren horrela geratu ziren sailkapenean: Jon Malaxetxebarria bigarren, Mikel Urkia hirugarren eta Fidel Madariaga laugarren.
Bosgarren eta seigarren postuak ere berdinketa hausteak eginda erabaki ziren, Elgoibarko Jabier Osoro eta Eibarko Jone Peralesen artean. Osorok eskuratu zuen bosgarren postua. Bikotekako sailkapenean San Migel taldeko Unai Loiolak eta Jabier Osorok osatutako bikoteak eskuratu zuen lehen postua, 9 txirlorekin. Guztira 69 bolari lehiatu ziren Eibarko tiraldian.
Datorren zapatuan, urriaren 14an, Markina-Xemeingo Barinaga auzoko bolatokian izango da bigarren jaurtialdia, 17:00etan hasita.
Berrikuntzak sartu dituzte aurtengo Euskal Herriko Txapelketan, Arabako bi bolatokitan jokatuko baititituzte txapelketako sei jardunaldietatik bi, Aramaio herriko bi bolatokitan, Untzilla eta Etxaguen auzoetan. "Azken urteetan geldi xamar aurkitzen da bola jokoa inguru horretan, eta zuzendaritza taldeko kideon asmoa, hau indarberritzea da", adierazi du Mikel Urkia Zuloaga, Euskal Herriko hiru txirlo bola joko modalitatearen lehendakariak. Elgoibarrek ez du jardunaldirik hartuko aurtengoan.