Markina-Xemeingo MX3T taldeko bolariek jaurtialdi onak egin zituzten arren, Xabier Loiola elgoibartarra izan zen bolaririk onena Euskal Herriko Hiru-txirlo bola joko txapelketako hirugarren jardunaldian. Loiolak bederatzi txirlo bota zituen egin zituen hiru tiraldietan, hau da, plenoa egin zuen. MX3T taldeko Fidel Madariaga mallabiarra sailkatu zen bigarren, 8 txirlo jota, eta Floreaga taldeko Santos Muñoz sailkatu zen hirugarren, 7 txirlorekin. Guztira 73 bolari lehiatu ziren Aramaion. Txapelketako laugarren jardunaldia azaroaren 5ean jokatuko dute, oraingoan Bizkaiko lurretan, Ziortza-Biolibargo Iruzubietako bolatokian.
• Jabier Osoro hirugarren, behin behineko sailkapenean
Hiru jardunaldi jokatu eta txapelketa amaitzeko beste hiru jardunaldiren faltan, Mikel Urkia (MX3T) dago sailkapen nagusiko lehen postuan, 14 txirlorekin. Urkiaren taldekide Fidel Madariaga ageri da bigarren postuan, eta honek ere 14 txirlo bota ditu lehen hiru jardunaldietan. San Migel taldeko Jabier Osoro dago hirugarren postuan, 13 txirlorekin. Bikotekako sailkapenean, bigarren postuan daude Jabier Osoro eta Unai Loiola, 23 txirlo batuta. Fidel Madariagak eta Jose Angel Ogizak osatutako bikoteak 26 txirlo bota ditu orain artean, eta horregatik daude lider. Emakumezkoen sailkapenean Asola Berri taldeko Jone Perales da liderra, 8 txirlorekin. Azkenik taldekako behin behineko sailkapenean, MX3T dago lehen postuan (48 txirlo) eta San Migel A taldea bigarrengoan (36 txirlo).