Lehiatu gabe egon arren, etxeko egongelaren luzapena modukoa da berarentzat Karakate, etxetzat baititu inguruok. Konta ezin alditan igo da mendira azken urteetan, baina bikietan min hartuta ibili da, giharreko mina zerk sortzen zion ezin asmatuta, eta erabat osatuta egon arte lehiatzeari lagatzea erabaki zuen. Kilometro bertikal bat baino gehiago irabazitakoa da Murua (Zuzenien, Intza-Ttutturre, Uharte-Berian kilometro bertikala...) eta Karakateko Igoeran ere bi garaipen zituen, biak errenkadan lortuak, 2016an eta 2017an. Hala, entrenamenduetan sentsazio onak izan ostean aurkeztu zen aurtengo igoerara. Bazekien sasoi onean zegoela, baina horrelako etenaren ostean normala den moduan, lehia egunean nola erantzungo zuen jakin gabe. Eta gorputzaldi ona izan zuela dio. Hori bai, aitortu du aldapa pikoak bezain gogorra egin zitzaiola Iñigo Larizek egin zion markaje estua. "Asfalto gaineko lehen zatian azkar joan ginen arren, lasai antzean irten ginen gehienok, Eneko Etxaniz izan ezik, erritmo oso bizian joan baitzen lehen metroetatik, eta Julen Aranguenak ere metro batzuetako aldea hartu zigun Azkueko ermita paretik aurrera. Harrapatu eta aurrea hartzea lortu nuen, baina Iñigo Lariz itsatsita nuen atzean, egoera kontrolatzen. Desgaste handia eragin zidan Lariz zelatan nuela jakiteak, presio handia baitzen. Halaxe heldu ginen goraino. Iñigo atzetik eta ni uneoro atzera begira. Horrelako lehia estuaren ostean irabazita handiagoa da poza", azaldu zuen Muruak lasterketa amaitu berritan.
• Mayi Mujikak sentsazio gazigozoak
Emakumezkoetan azkarrena izan zen Mayi Mujikak pozik da garaipenarekin, baina ez horrenbeste lasterketan izan zituen sentsazioekin. "Lasai irten nintzen eta igoeraren erdialderaino ondo nindoan, baina sentsazio on horiek bapatean arraroak bihurtu ziren, eta indarrik gabe gelditu nintzen. Hotz handia sentitu nuen, bereziki besoetan", azaldu du. Iazko igoera egin zuen denbora ondu nahi zuen arren, hamahiru segundo gehiago behar izan zituen tontorreraino ailegatzeko. "Iaz aurretik nuen Andrea Garay harrapatzea izan zen denbora on bat egiteko nire estimulua, baina aurten horrelako erreferentzia baten falta igarri dudala uste dut", azaldu du.
Hona 2022ko Karakateko Igoeraren laburpen bideoa. Mila esker Morkaikoren boluntario taldeari bideo zatiak grabatu eta bidaltzeagatik!
•Azken urteetako irabazleak:
- 2022an: Iban Murua eta Mayi Mujika
- 2021ean: Mikel Beunza eta Andrea Garai
- 2020an: ez zen jokatu -Pandemiagatik-
- 2019an: Javier Goitia eta Sonia Lopez
- 2018an Iñigo Lariz eta Mayi Mujika
- 2017an Iban Murua eta Ainhoa Lendinez
- 2016an Iban Murua eta Maite Maiora
- 2015ean Iñigo Lariz eta Ainhoa Lendinez
- 2014an Iñigo Lariz eta Nahia Quincoces
- 2013an Iñigo Lariz eta Nahia Quincoces
- 2012an Iñigo Lariz eta Nerea Amilibia
- 2011n Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora
- 2010ean Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora
- 2009an Oier Ibarbia eta Nerea Amilibia
- 2008an Josu Arregi eta Oihana Kortazar
- 2007an Iñigo Lariz eta Pilar Arriola
- 2006an Aritz Kortabarria eta Pilar Arriola