Iaz baino korrikalari gutxiagok parte hartu dute (Iaz 78 izan ziren), eta Iban Murua eta Mayi Mujika elgoibartarrak izan dira denetan azkarrenak. Muruak, 28:01eko denboran osatu du ibilbidea, eta tontorrean 16 segundoko aldea atera dio bigarren egin duen Iñigo Larizi. Kortezubiko Julen Aranguenak egin du hirugarren (29:00) eta Iñaki Goenaga plaentxiarrak laugarren (30:02). Emakumezkoetan Mayi Mujika izan da azkarrena, 35:27ko denborarekin. Hortaz, ez du ondu Maite Maioraren errekor-denbora: 31:37. Ainhoa Lendinezek egin du bigarren (36:38) eta Naomi Revertek hirugarren (41:44).
Eguerdian Euskaraldiaren hasiera jaira joateko aukera emateko, orduerdi aurretik hasi dute lasterketa gaur, 10:30ean. Irten aurretik talde-argazkia atera dute plazan, Euskaraldiko hizkiak eskuan hartuta.
Lau kilometro inguruko bidea da Kalegoen plazatik Karakaterainokoa, eta 700 metrotik gorako desnibel positiboa du (Elgoibarko herrigunea 42 metroko garaieran dago eta 756 metrotara dago Kortazar gaina). Bizi abiatu dira korrikalariak plazatik, eta Iban Muruak egin du denborarik onena. Hala ere, gaur ez du lortu 2017an ezarri zuen marka ontzerik. Orduko hartan 26 minutu eta 17 segundu behar izan zituen gora iristeko. Aurpegi onenaren saria Julen Cidek eskuratu du (Argazkian, Kalegoen plazan, Iñaki Laskurain Morkaiko kidearen eskutik saria jasotzen).
Eguraldi benetan makurra izan dute gaur Karakateko Igoeran. Euri zaparrada mardulak bota ditu goiz guztian zehar eta baita lasterketaren unean ere. Karakate gainean hiru graduko tenperatura markatzen zuen termometroak. Iragarria zegoen, eta igarri da parte-hartzean, iaz baino hamabi antxitxikari gutxiago irten baitira korrika. Korrikalari gutxiago, baina, hala ere, lehia handia eta ikuskizun aparta izan dira gaur ere, urtero bezala. 2019ko Karakateko Igoeran ere antzerako eguraldia, edo zertxobait okerragoa, izan zuten antxitxikariek, eta orduan moduan gaur ere izan da saltakariei animoak ematera Karakate gainera gerturatu den zale ausartik ere, gehienak autoan igo dira baina banaka batzuk oinez ere bai. Gaurkoan aterkiak ziren nagusi ikusleek azken metroetan alde banatan jarrita sortzen duten bidezidorrean. Sari banaketa ekitaldia udaletxeko arkupeetan egin dute Morkaikokoek.
Jose Ramon Cabrerak ateratako argazki ikusgarriak eta BARRENek ateratakoak ikus ditzakezue honako argazki bilduman.
•Azken urteetako irabazleak:
- 2021ean: Mikel Beunza eta Andrea Garai
- 2020an: ez zen jokatu -Pandemiagatik-
- 2019an: Javier Goitia eta Sonia Lopez
- 2018an Iñigo Lariz eta Mayi Mujika
- 2017an Iban Murua eta Ainhoa Lendinez
- 2016an Iban Murua eta Maite Maiora
- 2015ean Iñigo Lariz eta Ainhoa Lendinez
- 2014an Iñigo Lariz eta Nahia Quincoces
- 2013an Iñigo Lariz eta Nahia Quincoces
- 2012an Iñigo Lariz eta Nerea Amilibia
- 2011n Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora
- 2010ean Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora
- 2009an Oier Ibarbia eta Nerea Amilibia
- 2008an Josu Arregi eta Oihana Kortazar
- 2007an Iñigo Lariz eta Pilar Arriola
- 2006an Aritz Kortabarria eta Pilar Arriola