Herritar ugari irten dira kalera indarkeria matxista salatzera

Barren.eus 2022ko aza. 26a, 14:11

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izan zen atzo, azaroak 25, eta dozenaka herritarrek egin zuen bat antolatuta zeuden ekimenekin.

Elgoibarren, Kalegoen plazan eman zioten hasiera ekitaldiari. Plazan, lurrean jarritako gorri koloreko ia 60 zapata parek 38 zenbakia osatzen zuten, aurten espainiar estatuan indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeen kopurua, Berdintasun Ministerioaren zifra ofizialen arabera. Euskal Herrian hiru dira aurten indarkeria matxistak hildako emakumeak (ikus Euskal Herriko datuak Berria egunkariaren Biktimen Mapan), horietako bat Maria Luisa Larrañaga, Elgoibarren bizi izandako emakume soraluzearra.

Zapata gorrien inguruan batu ziren herritarrak, eta hainbat lagunek indarkeria matxistaren harira prestatutako testuak irakurri zituzten. Horren ostean, manifestazioa egin zuten, Uluka batukadaren doinuek lagunduta. Kalebarren plazara ailegatu zirenean geldialdia egin zuten, indarkeria matxistaren ondorioz hildako 38 emakumeak gogoan izateko. Indarkeria matxistaren ondorioak eta hildako emakumezkoen errealitatea bistaratzeko, kontagailua dago Merkatu Plazako aurrealdean, eta horren azpian 38 kandela laga zituzten beste horrenbeste herritarrek. Kalebarren plazatik Aita Agirre eraikineko arkupeetara joan ziren eta bertan amaitu zen ekitaldia musikarekin. 'Txoria txori' abestia kantatu zuten Inazio Bereziartua musika eskolako ikasle gazteek, eta beste bi ikaslek abesti bat jo zuten. Uluka batukaoek eman zioten amaiera saioari.

   ARGAZKI-BILDUMA: Azaroak 25

 

2022 11 25 elkarretaratzea elgoibar BARREN

2022 11 25 zapata gorriak iluntzeko elkarretaratzea azaroak25 elgoibar BARREB

2022 11 25 kandela eraidako emakumeak elgoibar barren

2022 11 25 azaroak25 abeslariak BARREN