Zapata gorriak emakumeen aurkako indarkeria salatzeko

Barren.eus 2022ko aza. 25a, 13:42

Gorri koloreko ia 60 zapata pare jarri dituzte Kalegoen plazan, 38 zenbakia irudikatuz, aurten indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeen kopurua.

Urtea hasi zenetik bikotekideek edo bikotekide ohiek 38 emakume hil dituzte estatu espainiarrean, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren arabera. Emakume horien datuak (adina, non eta noiz hil zuten) jarri dituzte zapata gorrien ondoan. (ikus bideoan BARRENen Intagram kontuan)

Elgoibarko Udalak oinetakoak emateko eskaria egin zien herritarrei, eta batutakoekin osatu dute plazatik igarotzen diren herritarren ikusmina pizten ari den instalazio publikoa.

Elina Chauvetek 2009an egin zuen estreinakoz Zapata gorriak lana Ciudad Juarez hirian gertatutako emakumeen hilketa eta desagerpenak salatzeko. Zapatak emakumearen ikur bezala erabiltzen ditu, kolore gorria, aldiz, heriotza irudikatzen du, baina baita pasioa eta bizitza ere.

Chauvet mexikarraren lan artistikoaren moldaketa emakumearen aurkako indarkeria agerian jartzeko eta herritarren kontzientzia pizteko egin dute. Zapata gorri horien bueltan batuko dira arratsaldean, 18:00etatik aurrera egingo duten ekitaldian.

Mendaron, 19:30ean hasiko da Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak prestatu duten ekitaldi berezia. Indarkeria matxistaren biktima izan direnak zenbaki huts izan ez daitezen, haien inguruko informazioa bildu dute beren blogean (http://mendarokotratuon.blogspot.com) eta herritarrei eskatu diete egoera horien inguruan gogoeta egin eta salatu edo eskatu nahiko luketen hori idazteko eta plazara eramateko, hildako pertsona bakoitzeko plazan jarriko duten zapata gorri bakoitzaren ondoan jartzeko mezuok.

2022 11 25 zapata goriak kalegoenPlaza BARREN 1

2022 11 25 zapata goriak kalegoenPlaza BARREN b1

2022 11 25 zapata goriak kalegoenPlaza BARREN bb1