Espainiako Poliziak herenegun aurkitu zuen M.L.L., 68 urteko soraluzetarraren gorpua Benidormeko bere etxean. Emakumeak bi labankada eta indarkeria zantzuak zituen. Polizia hilketa matxistatzat ari da ikertzen gertaera, eta biktimaren senarra da susmagarri nagusia, 73 urteko gizonezkoa. Trafiko istripuan hil da hura. Poliziak jakinarazi duenez, bi hipotesi nagusi dituzte senarraren heriotza azaltzeko: emazteari eraso egin ostean ihesean joan eta auto istripua izan zuela, edo bere buruaz beste egin zuela, autoa bidetik aterata. Izan ere, gidatzen ari zen autoak hainbat metro egin zituen kontrako noranzkoan, garabi bat zeraman kamioi baten kontra jo aurretik.
Biktima Elgoibarren ere bizi izan zen hainbat urtean. Hori ela eta Soraluzeko eta Elgoibarko udalek erasoen kontrako protokoloa aktibatu dute, eta mugimendu feministak protestak deitu ditu: gaur Elgoibarren eta bihar Soraluzen. Era berean, Mendaroko nTratu Onen Aldeko Taldeak deituta, elkarretaratzea egingo dute Mendaron ere, eguaztenean, 19:30ean, udaletxe aurrean.
Kalegoen plazan egin dute Soraluzeko emakumearen ustezko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea. Elgoibarko Udalak irmoki "kondenatu" du andrearen heriotza gaur zabaldu duen adierazpenean. Gogoratu du emakumeen aurkako indarkeriaren "parte bat soilik" erakusten dutela hilketa matxistek. "Tragedia horrek euskal erakundeok eta gizarte osoak berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizunaren aurrez aurre jarri gaitu", erantsi du.
Lotura duten albisteak: