Pandemiagatik bi urtean egiteke egon ostean, bueltan da Gabon Zahar feria. Beste urte batzuetan 130 saltoki egotera iritsi badira ere, aurtengoan 102 postu egongo dira guztira: 13 Kalegoen plazan, 11 Giza Eskubideen Parkean, 17 elizaren inguruan, 30 Aita Agirre plazan, besteak beste.
Goizean goizetik baserrietako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango da, eta 11:00etatik aurrera Eusko Label markako sahieski pintxoak jarriko dituzte salgai Elgoibar Ikastolako txosnan. Baserriko lan-tresna eta animaliarik ere ez da faltako, eta Maalako parkean, Elgoibarko artisauen lanak egongo dira ArTalderen eskutik. Baltzola eta Lagunak trikitilariek jarriko dute kalean musika giroa, eta udaletxeko pleno aretoan Uxue Alberdi, Millan Telleria eta German Meabebasterrexea jardugo dira bertsotan.
Gabon Zahar ferian, bestalde, barazki, fruta eta gazta lehiaketak ere egiten dira, eta azken honek pisu berezia dauka, urteko gazta onena aukeratzeko lehiaketa izaten delako. Urteko beste ferietan saritutako gaztagileak izango dira lehian, eta horien artetik aukeratuko dute txapeldunen txapelduna. Aurten 11 partaide izango dira: Unai Lekuona (Araia), Jesus Mari Ansola-Mausitxa (Elgoibar), Azkarra (Galarreta), S.C. Kortaria (Lekaroz), Joseba Insausti (Ordizia), La Leze (Ilarduia), Larrabe-Agiñiga (Amurrio), Santamañe (Markina-Xemein), Patxi Lopez de Uralde (Larrea), Beñat Egaña (Mutriku) eta Aizpea (Olaberria).
Aldarrikapenerako eta elkartasunerako tarterik ere izango da feria egunean: Karakate Bizirik eta Elgoibarko Baso Biziak taldeek talo solidarioen postua jarriko dute Salento pizzeria alboan, eta gune horretan Green Capital enpresak Karakaten jarri nahi dituen eolikoen kontra sinatzeko eta kamisetak erosteko aukera egongo da.
• Taxi zerbitzu berezia
Elgoibarko Udalak, sanbartolomeetan egindako balorazio positiboaren ostean, gaueko taxi zerbitzua eskainiko du abenduaren 31n. Zerbitzua 02:00etatik 08:00etara emango du, doan, eta herri barruko ibilbideak soilik egin ahal izango dira. Txarriduna hotela dagoen biribilgunean egongo da taxia, eta ezingo da aurrez erreserbarik egin.
Honakoa da egitaraua:
► 8:30etik 14:30era:
Kalegoen plazan: barazki eta fruta erakusketa, lehiaketa eta salmenta.
Elizpean: baserriko produktuen erakusketa eta salmenta. Gazta eta eztia.
Aita Agirre plazan: baserriko produktuen, lanabesen eta landareen erakusketa eta salmenta.
Giza Eskubideen parkean: baserriko produktuen erakusketa eta salmenta.
Bolatokiko parkean, Lekuederren eta Kalebarren plazan: hainbat abereren erakusketa.
Pedro Migel Urruzuno kalean: burdineria eta nekazaritza-makineria.
► 9:00etatik 20:00etara: Parrokiako Jaiotza, parrokiako kaperan.
► 10:00etatik aurrera: “BALTZOLA ETA LAGUNAK” trikitilarien kalejira.
► 10:00etatik 14:30era: Elgoibarko artisauen erakustaldia eta salmenta, Maalako parkean. Antolatzailea: ArTalde.
► 11:00etatik aurrera: Elgoibar Ikastolak, “Eusko Labela” duten harakinen laguntzarekin (Armueta eta Ziarda), labeldun saiheski pintxoak eskainiko ditu, Kalebarren plazan.
► 12:00etan: “Urteko Gaztaren XIV. Txapelketa. Elgoibarko Gabon Zaharretako Saria 2022”, udaletxeko areto nagusian, Kalamua Elkarteak antolatuta. Lehiaketak irauten duen bitartean, areto nagusian, Uxue Alberdi, Millan Telleria eta Meabebasterrexea bertsolarien jardunaldia.
► 12:30ean: Lekueder parkean, PLAZARA DANTZARA erromeria, I. Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatuta.
► 13:30ean: Udaletxeko areto nagusian, fruta, barazki eta gazta lehiaketaren sari banaketa.
► 19:00etan: KITTU taldeak herriko kaleak girotuko ditu. Irteera: Kalegoen plazatik.