San Anton txapelketa: Arrillagak irabazi du lau eta erdiko finala eta Elola-Lizeaga eta Amiano-Loza gailendu dira bikoteka

Barren.eus 2023ko urt. 15a, 12:35

Bariku gauean jokatu zituzten San Anton pilota txapelketako finalak. Gizonen bikotekako lehiaren 30. edizioa izan da aurtengoa eta estreinakoz jokatu dute emakumeen lau eta erdiko txapelketa.

Miriam Arrillaga aginagarra eta Maddalen Etxegarai oñatiarra kantxaratu ziren lehenik, emakumeen Lau t’erdiko txapelketaren finala jokatzera. Amasa-Villabonako Behar Zana pilota taldeko kidea den Arrillagak Etxegaraik baino biziago jo zuen pilota eta min egin zion aurkariari. Hala, Arrillagak markagailuan errenta txiki bat hartu zuen partidaren hasieran. Etxegarai jokoa aurreko koadroetara eramaten saiatu zen eta lortu zuen markagailuko desabantaila murriztea, partidaren erdi aldera. Ez zen nahikoa izan. Arrillagak pilotari indartsu joten jarraitu zuen eta bata bestearen atzetik tantoak irabazita ailegatu zen 22. tantora. Hamabi tantoan laga zuen Etxegarai. Hortza, Miriam Arrillaga da San Anton pilota txapelketako estreinako emakumeen lau eta erdiko lehiaketako irabazlea.

 • Amiano eta Loza nagusi promesetan
Promesa mailako finala jokatu zuten jaialdiko bigarren partidan. Unai Amianok (Aurrera Tolosa) eta Carmelo Lozak (Barberito) osatutako bikoteak, Beñat Zubizarreta (Lapke) eta Eneko Beloki (Gazteleku) izan zituen aurkari. Partida hasiera ikusgarria eta parekatua eskaini zuten lau pilotariek. Bizi jo zuten pilota eta ikusleen txaloak jaso zituzten erremateak ere egin zituzten. Berdinduta ailegatu ziren partidaren ekuadorrera, baina hamarna berdindu ostean, Amianok eta Lozak mendean hartu zituzten aurkariak, eta 12-2ko partzialari esker 22-12 irabazi zuten partida.
 • Min hartuta ere nagusi
Iñaki Elolak (Aurrera Tolosa) eta Ekain Lizeagak (Mundarro) Ander Muruaren (Soraluze) eta Antton Apezetxearen (Umore Ona) aurka jokatu zuten senior mailako finalak ere hasiera ikusgarria eduki zuen. Nor baino norrago aritu ziren lau pilotariak, baina Murua eta Apezetxea 8-6 aurreratu ziren tantoak baldintzatu zuen partida. Inflexio puntua izan zen. Izan ere,  tanto horretan, Iñaki Elola aurrelari bidaniarrak min hartu zuen eskuin oineko orkatillan. Atseden txiki baten ostean, erdi errenka jokatu zuen hurrengo tantoa eta minak alde egiten ez zuela ikusita berriro gelditu zuen partida, oinari erreparatzeko. Partida bertan behera laga zezakeela ere ematen zuen arren, jarraitzea erabaki zuen, minez ari zela ageri-agerikoa zen arren. Muruak eta Apezetxeak abantaila txiki bat eskuratu zuten markagailuan, baina hasieran zuten erritmoa galdu zuten, beharbada, eta pixkanaka galdu egin zuten pilatutako errenta hori. Era berean, errenka jokatzen ari zen Elolak arrisku handiagoak hartzea erabaki zuen, partida ahal zuen azkarren bukatzeko, hartu zuen kolpea guztiz hoztu aurretik. Eta, zirt edo zart taktikak ongi funtzionatu zuen. Lizeagak eta Elolak 19na berdindu zuten partida eta hogeinako berdinketaren ostean, 22-20 irabazi zuten finala.

2023 01 13 san anton pilota txap emak lauterdi arrillaga etxegarai BARREN

2023 01 13 san anton pilota txap emak lauterdi arrillaga vs etxegarai BARREN

2023 01 13 san anton pilota txap elgoibar promesak BARREN

2023 01 13 san anton pilota txap elgoibar promesak 1 BARREN

2023 01 13 san anton pilota txap elgoibar senior Lizeaga BARREN

2023 01 13 san anton pilota txap elgoibar senior murua BARREN

2023 01 13 san anton pilota txap elgoibar senior inaki elola BARREN

∞Lotura duten albisteak: