San Anton pilota txapelketako bigarren finalerdiak jokatuko dituzte urtarrilaren 5ean

Barren.eus 2023ko urt. 3a, 10:04

Joan den abenduaren 30ean hasi zen San Anton Pilota txapelketaren 30. edizioa. Madalen Etxegaraik eskuratu zuen finalerako txartela Lau eta erdikoan; eta, bikotekako lehietan Amiano-Lozano, batetik, eta Elola-Lizeaga, bestetik, sailkatu ziren finalerako.

Lagunak pilota eskolak emakumeen Lau t’erdiko txapelketa antolatu du estreinakoz eta Naroa Agirre eta Madalen Etxegarai aritu ziren elkarren aurka lehen finalerdian. Etxegarai oñatiarra nagusi izan zen partidaren lehen zatian, eta aise irabazi behar zuela zirudien. Eskuz banakako partidetan, baina, abantaila handia ematen du sakeak eta horri esker markagailuan hurbiltzea lortu zuen Agirre pilotari zestoarrak, bost tanto jarraian eginda. Ez zen partida iraultzeko nahikoa izan, hamaseigarren tanto izan baitzen egin zuen azkenengoa. Hala, Etxegaraik jokatuko du finala.

Promesa mailako gizonezkoen lehian bikote indartsua osatzen dutela erakutsi zuten Unai Amianok eta Carmelo Lozanok, eta finalerako txartela lortu zuten, Beñat Apezetxea eta Ionan Peñalver bikote nafarrari 22 eta 14 irabazita.
Senior mailako finalerdian Iñaki Elolak eta Ekain Lizeagak 22 eta 9 irabazi zieten Beñat Senarri eta Javier Cuairani. Aurrera Tolosa taldeko pilotari den Elola inspiratuta ibili zen eta berak agindu zuen aurreko koadroetan.
 • Bigarren finalerdiak
Eguen honetan, urtarrilaren 5ean, jokatuko dituzte gainerako hiru finalerdiak. Lau t’erdiko lehian Miriam Arrillagak eta Miren Larrartek jokatuko dute. Promesetan Irribarria IIk eta Landak Zubizarreta eta Beloki izango dituzte aurkari eta senior gizonezoen finalerdian Muruak eta Apezetxeak Mata eta Ugartemendia bikotea izango dute kontra. Finalak urtarrilaren 13an jokatuko dituzte.

 

2022 12 30 san anton pilota txap elgoibar 1 finalerdiak emak lauterdi agirre BARREN

2022 12 30 san anton pilota txap elgoibar 1 finalerdiak senior BARREN

2022 12 30 san anton pilota txap elgoibar 1 finalerdiak promesak BARREN