Aurreratua zuten eta bete egin dute. Jon Basurtok eta Iñigo Palominok eman zien berria bazkideei, eta aurrerantzean eurek ere bazkide arrunt izango zirela argitu zieten. "Urtebete baino gehiago pasatu da bagindoazela jakinarazi genuenetik, eta orain dela urte erdi jarri genion muga gure agintaldiari: abenduaren 31n, hain justu ere". Tarte honetan zuzendaritzako ardurak hartzeko prest dagoen inor agertu ez denez, klubaren funtzionamendua ez dela ohikoa izango ohartarazi zieten bazkideei, bai eta nola eta zertan igarriko den azaldu ere. "Nolabait esatearren gutxieneko zerbitzuak emango ditugu aurrerantzean. Behar-beharrezko zereginei bakarrik eutsiko diegu guk biok, denbora jakin batean bakarrik, eta nahi dugu argi gera dadila: klubeko bazkide modura jardungo gara horretan. Partiden ordutegiak antolatzea, entrenatzailei ordaintzea, bazkideei kuotak kobratzea eta fakturak ordaintzea izango dira gure gain hartuko ditugun zereginak". Orain arte betetzen zituzten beste hainbat zeregin egin gabe geldituko dira: besteak beste, errifen salmenta, partiden berri ematen duten kartelak egin eta herrian zehar jartzea eta partida egunetan Mintxetako sarrera kontrolatzen egotea. Klubak kudeatzen dituen sare sozialetako jarduna ere nabarmen murriztuko dela argitu zuten. Horiez gain, Haundik eta senior emakumezkoen talde nagusiak kanpoan jokatuko dituzten partidetarako bakarrik antolatuko dituzte autobusak. Gainerako taldeetako gurasoek euren kabuz moldatu beharko dute jokalariak garraiatzeko. Taldeko arroparen ingurukoak kudeatzeari ere laga egingo diote.
Egoera honek kirol taldeari ekar diezaiokeen kalteez hausnartzeko eskatu diete bazkideei Basurtok eta Palominok, eta ardurak hartzera dei egin diete taldeko bazkideei eta gurasoei. "2023-2024 denboraldirako prestaketak datorren asteetan hastea komeni da: taldeak osatu eta entrenatzaileak lotu, besteak beste, eta guk ez ditugu gure gain hartuko zeregin horiek. Berriro ere bazkide guztiei dei egiten diegu, pausoa eman eta klubera haize berriak ekarriko dituen zuzendaritza talde berri bat osa dezaten. Zuzendaritzan egin ditugun zazpi urteotan gauzak hobetzeko iradokizun ugari jaso ditugu. Gauzak hobetu eta egiteko moduak berritu nahi dituzten guzti horientzako unea da orain, pauso bat aurrera eman eta C.D. Elgoibarri tira egiteko ardurak hartzera gonbidatu nahi ditugu. Aurkezten direnek alboan izango gaituzte etapa berriari hasiera emateko trantsizioa ahal den eta eraginkorrena eta antolatuena izan dadin".
∞Lotura duten albisteak: