Jon Basurto: “Erreleborik agertu ezean, klubaren funtzionamendua ez da orain artekoa izango”

Barren.eus 2022ko abe. 23a, 13:22

C.D. Elgoibarreko zuzendaritzak azken zazpi urteetan gidatu du kirol taldea, eta errelebo eske dira, klubak ideia berriak eta freskotasuna behar dituela uste baitute. Urtea amaitzearekin batera lagako dituzte euren zereginak, eta erreleborik agertu ezean, klubaren funtzionamendua ez dela orain artekoa izango esan dute.

Kluba egoera oso onean lagatzen dutela dio Jon Basurto presidenteak eta azken zazpi urteotako balantzea egin du, ondorengoei bidea erakusteko.

 • Urte amaierara arte jarraituko zenutela jakinarazi zenuten. Zertan da erreleboaren kontua?
Oraingoz ez da taldearen ardura hartzeko prest dagoen talderik aurkeztu. Zazpi urte egin ditugu zuzendaritzan, eta bi urte daramatzagu laga behar dugula esanez. Ekaineko Batzar Orokorrean aurreratu genuen moduan, urtarrilean lagako ditugu gure ardurak. Erreleborik agertu ezean, klubaren funtzionamendua ez da orain artekoa izango, urtarriletik ekainera bitartean. Nolabait esatearren gutxieneko zerbitzuak emango dira, behar-beharrezkoak diren zereginak bakarrik, baina urtarriletik aurrera ez da zuzendaritzarik egongo. Taldearen ardura hartzera animatu nahi ditugu klubaren bueltakoak. Lan egin behar da, baina oso ondo dago kluba.

 • Kontaguzu, zu zeu nola iritsi zinen zuzendaritzara.
Ikusten genituen gauzak hobetzeko zeudela, eta kexatu beharrean aurrea hartzea erabaki genuen. Semearen entrenamenduak ikustera joaten nintzen, eta denek euskaraz jakin arren, euskalduna zen entrenatzaileak gazteleraz egiten zien. Orduko zuzendaritzakoengana jo nuen, bilera bat eskatzeko. Ondo hartu ninduen klubeko kide batek, baina Elgoibar 'herri erdalduna' zela izan zen jaso nuen erantzuna. Ez ninduen asetu. Orduan esan nion nire lagun Anton Iranzori klubaren ardura hartu behar genuela. Gauzak hobetu nahi bagenituen pauso bat aurrera eman behar genuela pentsatu genuen, eta saiatu egin ginen. Zazpi urte eman ditugu lanean, eta hobetzeko asko dagoen arren, hori da bidea.

 • Erreleboa hartu nahi dutenentzat diozue kluba egoera ezin hobean dagoela.
Bai, C.D. Elgoibar oso ondo dago, bai sozialki eta bai ekonomikoki ere. Haizea alde izango dute datozenek. Ez dute hutsetik lanean hasi beharko, eta abantaila handia da hori. Azken zazpi urteetan lan izugarria egin baitugu. Joera ekonomiko negatiboarekin hartu genuen kluba, eta orain ongi gaude arlo honetan. Epe luzera klubaren jasangarritasun ekonomikoaren oinarriak ezarri nahi genituen, eta helburua lortu dugu. 25.000 euroko soberakinarekin hartu genuen kluba, eta 100.000 euroko poltsa dugu orain. Gipuzkoako oso talde gutxik izango dituzte halako finantza onak. Eta, poltsan dirua edukitzeak ez du esan nahi inbertsiorik egin ez dugunik. Alderantziz; kluba modernizatzeko inbertsioak egin ditugu. Material guztia berria da Mintxetan: indarra lantzeko aparatuekin osatu dugu gimnasioa, dirutza balio duten porteria txikiak eskuratu ditugu eta berritu ditugu bulegoak. Txandal guztiak ere berriak dira, hamabost urtean berritu gabe egon eta gero. Aurten txamarrak ere berrituko ditugu, 3.000 euroko inbertsioa eginda. Publizitatean ere berri onak izan ditugu azkenaldian, eta hiru talderi hiru urterako babesa emateko babesleak lortu ditugu.

2022 12 23 cd elgoibar futbol taldea zuzendaritza BARREN elk

 • Egiguzu zuzendaritzak eginiko lanaren balantzea.
Hasiera guztiak dira zailak, eta guk ere arazo dezente eduki genituen, eskarmentu gutxi genuelako edo kluba behar beste ezagutzen ez genuelako beharbada. Ez genuen uste Haundik talde barruan duen pisua halakoa zenik. Zuzendaritzan sartu eta egin genuen lehenbiziko Batzar Orokorrean jabetu ginen Haundik han bildutako bazkideentzat zuen garrantziaz. Gainera, maila galdu zuen denboraldi hartan, taldearen mendeurrena ospatzen ari ginen urtean hain justu ere. Bazkideei ia 20.000 euroko balantze positiboa aurkeztu genien arren, ez zen nahikoa izan animoak baretzeko. Gure helburuetako bat Haundi elgoibartarrez betetzea izango zela esan genuen hasi ginenean. Gu iritsi ginen urtean bost elgoibartar zeuden gizonezkoen lehen taldean eta hamasei elgoibartar sartu genituen taldean... eta mailaz jaitsi ginen! Hori ere ez zuten aintzat hartu. Haundi inoiz egon den mailarik baxuenera jaitsi ostean, egurra eman ziguten. Izugarriak entzun behar izan genituen, kluba desagertuko zela edo desagertu araziko genuela esan ziguten aurpegira zenbait bazkidek. Harrituta eta beldurtuta jaso genituen kritikak. Errealitate kolpe gogorrarekin hasi genuen gure ibilbidea.

 • Hasiera gogor horrek izan zuen eraginik zuengan?
Zortea alde izan genuen eta Haundik maila berreskuratu zuen, laugarren sailkatu arren igotzea lortu baikenuen, karanbola bati esker. Kirol emaitza on horrek barealdia ekarri zuen, eta diru kontuetan ere emaitza onak aurkeztu genituen bigarrengoz. Harrezgero, poliki-poliki, baina lan asko eginda, aurrera egin dugu. Egunerokoan ikusten ez den arren, ezinbestekoa da talde lan ona egitea, eta horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet beti nire ondoan izan ditudan zuzendaritzako kide guztiei, kartelak ipintzen edo errifak saltzen aritu direnetatik hasi eta diru kontuak eraman dituztenengana arte, denek balio berdina baitute.

 • Zein izan dira zuen helburuak?
Ekonomikoki bideragarria izatea, nesken futbola sustatzea, kluba euskalduntzea eta futbolean jokatzeko aukerak ume guztiengana zabaltzea; hau da, arazo ekonomikoak ez daitezela izan oztopo gure taldeetan futbolean jokatzeko. Horretarako deskontuak egin ditugu bazkidetzatan, RGIa dutenei laguntzak eman dizkiegu edota familia ugarientzako hobariak ezarri ditugu. Umiltasun osoz diot helburu guzti horiek gauzatzeko gure alea jarri dugula, kluba aurkitu genuena baino hobeto lagatzeko ondorengoei. Haundi da klubaren erakusleihoa, berak du ikusgarritasun handiena, izeberg baten puntak duen moduan. Lehen taldeari bultzada ematea izan da gure lana, taldearen bueltako denak ahalik eta baldintzarik hoberenetan egon daitezen, eta uste dut taldea goranzko bidean dagoela. Gainerako taldeetan formakuntzan eragitea izan da gure ardura eta zeregin nagusia, eta zenbait talderekin urte on batzuk izan ditugu. Eta ez naiz kirol emaitzez ari, taldean egon den giroaz eta jokalariek jaso duten kalitatezko prestakuntzan jarri nahi dut arreta. Hor ikusten dugu egiteko nagusia, eta aldi berean gabezia handiena. Talde guztietara zabaldu nahi genuke kalitatezko formakuntza hori, erraza ez den arren.

 • Entrenatzaileak baino gehiago hezitzaileak behar dituzue.
Hala deitzea gustatzen zait. Heziketan inbertitzea izan da gure apustua hasieratik, entrenatzaileei ikastaroak ordainduta, adibidez. Hamabost bat ikastaro ordaindu dizkiegu gure entrenatzaileei, 500 eta 1.000 arteko kostua dutenak. Entrenatzaileek tituloa edukitzera derrigortzen gaitu federazioak eta maila baxuenekoa, C maila, online atera daiteke ia erabat. Gero hiruzpalau aldiz joan behar da Donostiara praktikak egitera. Federazioak laguntzak eman ditu emakumeek entrenatzaile tituloa atera dezaten, eta laupabost ikastaro ordaindu ditugu. Titulua edukitzeak, baina, ez zaitu entrenatzaile on egiten. Guretzako zailena hezitzaile onak lortzea da. Futbol Eskola eramateko hezitzaile talde oso on bat osatu dugu, baina hortik gorako taldeetan gehiago kostatzen ari zaigu. Izan ere, alebinetatik aurrera entrenatzaile askok lehiatu nahi dute. Irabazi. Hala, prestatuenek talde koskortuagoak gidatu nahi dituztenez, jende gaztea hartu beste aukerarik ez dugu. Eta arazoak ditugu, ez daudelako prestatuta umeak hezteko. Eskarmentu gehiago duen jendea egokiagoa dela begitantzen zaigu. Futbolaz asko jakin beharrik ere ez dago; ume talde bat eramaten jakin behar da. Erronka handiena hor dugu. Kategoria txikietan formatzaile onak izatea. Egon egongo dira, baina guk ez ditugu topatzen guretzako modukoak. Edo, bestela, dauden horiek gehiegi eskatzen dute gure ahalerako.