2016tik Club Deportivo Elgoibar taldea gidatu duen zuzendaritza batzordeak 2020. urteko otsailean ere eman zuen bere jardunari amaiera asmoaren berri, baina pandemia etorri zen handik gutxira, eta aldaketetarako sasoi onena ez zela eta jarraitzea erabaki zuten. Jon Basurto buru duen zuzendaritzak berriro mahai gainean jarri du erreleboaren beharra. Urte bukaerara arte jarraituko dutela jakinarazi diete bazkideei, erabaki horren berri emateko antolatutako bazkideen ezhoiko batzarrean. "Duela 6 urte hartu genuen C.D. Elgoibar kudeatzeko erantzunkizuna. Lehenik Antton Iranzo izan zen gure taldearen buru, eta hurrengo urteetan ni, Jon Basurto izan naiz taldearen buru. Sei urte zoragarri egin ditugu, eta ezarri genituen helburu nagusienak edo gehienak bete ditugu", azaldu du kirol taldeko presidente Jon Basurtok. Datorren abenduan, Gabonetan egin ohi duten errifaren zozketa egin eta gero, zuzendaritza honi erreleboa hartzeko talderik agertu ezean, amaitutzat emango dute euren jarduna. "Entrenatzaileei eta klubeko beharginei ordaintzeko egongo gara, baita kuotak kobratu eta jaso behar ditugun dirulaguntzak kudeatzeko ere, baina hoiek izango dira gure gain hartuko genituzkeen lan bakarrak", zehaztu dute.
Euren asmoen berri ahalik eta azkarren ematearen arrazoia zuzendaritza talde berriari lanak erraztea dela ere azaldu dute. Erreleboa emango dien taldeari laguntzeko prestutasun osoa dutela dio Basurtok. "Klubean 475 jokalari ditugu eta horien gurasoak ia 1.000 izango dira. Horietako batzuek prest badaude C.D. Elgoibar kudeatzeko jar daitezela gurekin harremanetan, eta ahal dugun guztian lagunduko diegu".
Klubaren kudeaketaz arduratuko den lantalde berri baten denboraldirako planifikazio eta prestakuntza lanak errazte aldera, hainbat lan oso aurreratuak dituztela jakinarazi du egungo zuzendaritzak, besteak beste, lotuta dituztela entrenatzaileak eta koordinatzaileak.
Taldeak egun bizi duen kirol eta ekonomia egoera ere ez dela oztopo izango uste dute. "Ez daukagu arazo ekonomikorik eta sekula izan dugun talde kopururik handiena dugu une honetan, baina ideia berriak eta freskotasuna ekarriko duen zuzendaritza talde baten beharra dagoela uste dugu. Agur esateko unea ailegatu zaigu azken sei urteotan lanean jardun dugunoi. Horregatik elgoibartar guztiei dei egiten diegu, anima daitezen C.D. Elgoibar zuzentzeko ardura hartzera.
• Sei urteen balorazioa
Egungo zuzendaritza batzordeak azken urteetako lorpenak gogora ekartzeko ere probestu zuen bazkideekin eginiko batzarra. Batetik, talde eta jokalari kopuruak eduki duen gorakada aipatu zuten. "Gu iritsi ginenean bederatzi talde eta 320 futbol jokalari zeuden C.D. Elgoibarren ardurapean, eta orain hamabost talde eta 475 jokalari ditugu". Hazkunde horren barruan, emakumeen futbolak izan duen loraldia azpimarratu du Basurtok. "Lanean hasi ginenean ez zegoen neska bakar bat ere futbolean jokatzen klubean, eta orain 101 neska eta emakume futbolari ditugu". Era berean, Futbol Eskolak izan duen hazkundea ere hizpide izan zueb bazkideen aurrean, ia bikoiztu egin baitute sei urtean: 65 neska-mutil izatetik 160 izatera pasa da Futbol Eskola. Bestetik, Haundin ahal den eta jokalari elgoibartar gehien edukitzeko egin duten ahalegina ere balioan jarri du Basurtok, hor ere datuak ondu dituztela argituz; "orain dela sei urte bost jokalari elgoibartar zeuden Haundin eta hamahiru daude egun". Aurrekoez gain, euskararen erabilera areagotzea izan da zuzendaritza honen helburuetako bat eta arlo horretan "hobera" egin badute ere oraindik asko dutela egiteko uste dute. "Sare sozialetan zein karteletan hainbat mezu euskera hutsean eman ditugu. Hainbat ikastaro egin ditugu euskera bultzatzeko, naiz eta arlo hontan egiteko asko dagoen".
Azkenik, pandemiak gauzak erraztu ez dituen arren, klubaren egoera ekonomikoa ona dela azaldu du egungo zuzendaritzak eta jokalarien arropak berritzeko eta hainbat kirol material ertosteko aukera izan dutela, eta baita entrenatzailei hainbat formazio ikastaro ordaintzeko ere. "Klubeko arropa guztiak, txandalak zein ekipazioa, berritu ditugu, eta material ugari erosi dugu jokalariek entrenatzeko zuten materiala hobetuz".