Ospas inguruan kirol-gunea eraikitzeko bideragarritasun-azterlana aurkeztu du Mendaroko Udalak

Barren.eus 2023ko ots. 8a, 19:00

Ospas inguruan kirol-gunea eraikitzeko bi aukera aurkeztu zituen atzo Mendaroko Udalak. I-ingeneria, ingeniería y arquitectura S.A. enpresak egin du bideragarritasun-azterlana.  Bi aukeretan lehenegoa hobetsi dute ingeniariek, 5.799.015,12 euroko aurrekontua duena.

I-ingenia, ingeniería y arquitectura S.A enpresak egin du bideragarritasun-azterlana eta bi dira Mañuska eta Ospas arteko zelaian, katastroan landa-lur kategoria duen eremuan, kirol-gunea eraikitzeko aurkeztu dituen aukerak. 17.000 metro koadroko azalera du eremuak eta 3.371 euroko balioa katastroan, eta A-8 autobidearen ondoan dago. Proposatutako bi aukerek 350-400 ikuslerentzako harmaila estalia izango duen futbol zelai homologatua (100X63 neurrikoa eta belar artifizialduna), kafetegia, 250 metro koadroko gimnasioa -futbol zelaiarekiko independentea-, bost aldagela (hiru futbolean ariko direnentzat eta bi gimnasiokoentzat),  erabilera askotarako gelak eta zerbitzuetarako espazioa hartzen ditu kontuan, bai eta 76 ibilgailurentzako aparkalekua ere ipar hegian. Alkateak jakinarazi du Udalak iazko urte hasieran bultzatu zuen Kirol Azpiegituren Mapan jasotakoari erantzunez enkargatu dutela azterketa hau egitea. Inkesta bidez zer nolako kirol instalazioak nahiko lituzketen galdetu zieten herritarrei orduan, eta kirol-gunea, estali gabeko igerilekuak, bidegorria eta futbol-zelaia lehenetsi zituzten haiek. 190 lagunek erantzun zuten inkesta. 

2023 02 08 futbol zelaia egitasmoa mendaro eremua arg

Ospas ingurua haitz askokoa eta maldatsua da (%30eko pendiza du batez beste erdialdean), eta bereziki horrek baldintzatzen du proiektua bera. Futbol zelaia eraikitzeko ingurua lautu egin behar da, baina goiko aldean kendu beharko luketen lurra gutxi-asko beheko aldea betetzeko beharko luketena dela zehaztu zuten ingeniariek. Lurra mugitzearekin batera, baina, euste-horma bana eraiki beharko lituzteke; bata, mendi-mazela goialdean eta bestea, beheko aldean. Bi aukeretan, baina, lehenengoa hobesten dute ingeniariek, lur gutxiago mugitzea eskatzen duelako, eta ondorioz, merkeagoa ere badelako. 
 
1. aukera. Ingeniariek hobesten duten aukera da. Futbol zelaiko harmaila mendi aldera eraikiko lukete eta gainerako instalazioak ekialdera, herri parterago. Horrek esan nahi du goian, mendi aldera, lur eta harri bolumen txikiagoa pikatu eta hustu beharko luketela: 15.000 m3, eta behean, gutxiago bete, instalazioek beteko luketelako zati bat. Instalazioak herrira begira eraikiko lituzkete eta kristalera izango lukete, argitasun handiagoa izateko. Bistak ere hobeak lirateke beraz, bigarren aukeran baino. Aurrekontu totala: 5.799.015,12 euro

2023 02 08 futbol zelaia egitasmoa mendaro 1 aukera

 
2. aukera.  Lur mugimendu handiagoa eskatzen du, gimnasioa eta gainerako gela eta zerbitzuak harmailen azpian eraikiko lituzketelako, 120 metro luze eta zortzi metro zabal hartuko lukeen tartean. Goiko aldean 21.000 metro kubiko lur eta harri gehiago hustu beharko lukete, eta beheko aldean, 7.000 metro kubiko gehiago bete. Aurrekontu totala: 6.202.145,56 euro

2023 02 08 futbol zelaia egitasmoa mendaro 2 aukera

 
Bidergarritasun-azterlana da atzo aurkeztu zutena. Aurrera egiteko ondorengo pausoak eman beharko lirateke: lursaila birsailkatu, exekuzio-proiektua idaztea lizitaziora atera, idatzitako proiektuaren arabera obra gauzatu eta ustiapen-plana idaztea lizitaziora atera. 
2023 02 08 futbol zelaia egitasmoa mendaro zelaia

∞Lotura duten albisteak: