Mañuska berri ondoan beste kirol-gune bat egitea bideragarria den aztertzen hasi da Mendaroko Udala

Barren.eus 2022ko aza. 16a, 14:22

I-ingenia, ingeniería y arquitectura SA enpresa arduratuko da Mañuska berri ondoan beste kirol-gune bat egitea bideragarria den argitzeko azterketa egiteaz.

Mañuska Berri ondoko zelairako proiektatzen duten kirol guneak futbol zelaia, harmaila estaliak, aparkalekua, jokalari zein epaileentzako aldagelak, gimnasioa eta bere aldagela propioa, erabilera askotariko bi gela, taberna, instalazio-gela eta biltegia izango lituzke barne bilduta. Udaletik nabarmendu dute Kirol Azpiegituren Planean oinarrituta agindu dutela azterketa egitea, Udalak zabaldutako inkestan herritarrek lehenetsi zituzten proiektuak kontuan hartuta. I-ingenia, ingeniería y arquitectura SA enpresa arduratuko da azterketa egiteaz, 6.875 euroko aurrekontua (BEZ gabe) izango du horretarako eta aurtengo urtea amaitu aurretik bukatuta izatea dago aurreikusita. Hirigintza-baldintzek, araudiak, ekonomiak, orografiak eta ustiapen kontuak aintzat hartuta bideragarria den aztertu beharko du enpresa horrek, eta Udaletik zehaztu dute arreta berezia jarriko zaiola ezarpen-kotari, lurzati horrek desnibel handia duelako.