Maite Maiora kirolgunearen azpiko aldean eraikitzea da aukeretako bat, Bixuete baserri paretik Andikoetxe arteko sakonean beste alternatiba bat, eta ospitale ondoan, heliportua dagoen aldera eraikitzea hirugarrena. Sestra ingeniaritza enpresak egin du azterketa eta Iñaki Arregi alkateak zehaztu zuen Udalak zabaldutako inkestari herritarrek emandako erantzunetan oinarrituta eman ziotela azterketa egiteko enkargua, Kirol Azpiegituren Planaren barruan.
Lehenengo aukera, Maite Maiora kirolgune azpikoa, lur publikoan legoke, baina beste bi aukeretarako lurrak jabetza pribatukoak dira eta landa eremu gisa daude katalogatuta, beraz lurrak eskuratu eta Hiri Antolamendurako Plana aldatu beharko litzateke, ezertan hasi aurretik.
• Iñaki Arregi: “urte askorako plana bat”
Nolanahi ere, eguaztenean aurkeztutakoa "abiapuntua" baino ez dela nabarmendu zuten. Orain hurrengo, hiru aukera horiek herritarrei aurkezteko modua aztertuko dute, eta ondoren, bideragarritasun-plana egin beharko lukete, kostua, inbertsiorako dirua nola lortu eta geroko mantentze-lanen kudeaketa kontuak lotzeko. Behin hori eginda “urte askorako plana bat” egingo lukete. Aurreikuspen gisara, Aiako ereduaren urteko aurrekontua aurkeztu zuten. Aiako igerilekuetan urtero abonu eta ohiko sarreretatik lortzen dituzten diru-sarrerak 33.398 eurokoak dira, eta gastuak, berriz, 48.000 eurokoak. Horiek denak eginda, "ate joka" hasi beharko luke Udalak gero, "Mendaroko Udalak ezin duelako hau dena finantzatu", alkatearen arabera. Gaur, aurkezpenaren biharamunean, zabaldutako prensa-oharrean honela dio alkateak: “Kirol Azpiegituren Maparen irudi orokorra izan eta behar tekniko eta ekonomikoak zehaztu bezain laster, urte anitzeko plan bat egingo dugu. Bere tamaina dela eta, beharrezkoa izango da akordioak lortzea, konpromisoak hartzea eta Mendaroren etorkizunaren aldeko apustua egitea”.
• Mañuska berri, baztertuta
Arregik esan zuen kirol-gune berria, askotariko gelak, igerilekua eta bidegorria lehenetsi zituztela mendaroarrek, eta hasieran "Mintxetaren tankerako" kirol-gunea aurreikusi zuela Udal gobernuak Mañuska berri ondorako, baina baztertu zutela igerilekuak han eraikitzeko aukera, udan azkar hartzen duelako itzalak inguru hori. Aurkeztu dituzten beste hiru aukerak ere badituzte "alde onak eta txarrak", eta denak aztertuta, industrialdeko aukera hobetsi du Sestrak. Hasteko, aire libreko igerilekuak egiteko araudiak jasota dauka biztanle kopuruaren arabera zenbateko piszinak eraiki behar diren eta Mendaro bezalako herri bati gutxienez 120 metro koadrokoa dagokio. "Txikiegia" iritzi diote horri, baina, eta gutxienez 200-250 metro koadrokoa behar dela erabaki dute. Hiru kokaguneetan da egingarria hori. Lehenengo aukera baztertzeko, hala ere, lau arrazoi eman zituen bereziki Sestra enpresak: intimitate gutxiko lekua dela, etokizunean igerilekuak handitzeko aukerarik ez litzatekeela egongo inguru horretan, 40 bat autorentzako aparkalekua sortzea eskatzen duela dimentsio honetako igerilekuak eta nekez sortu ahalko liratekeela erdiak ere [hogei erabiltzaileko aparkaleku bat sortzea eskatzen du araudiak] eta kostu handiko euste-horma eraiki beharko litzatekeela. Kostuetara etorrita, aurrekontua 4 milioi eurokoa aurreikusten dute, metro koadroko 1.500 eurokoa. Kokagune honetan eraiki ahal izango litzatekeen igerilu handiak 250 metro koadroko azalera izango luke, esan bezala, eta 1,40 metroko sakonera, punturik sakonenean. Ondoan, “plisti-plasta” ibiltzeko txikiago bat egingo lukete, 50 metroko koadrokoa eta 40 zentimetroko sakonerakoa. Era berean, 150 metro koadroko azalera hartuko lukeen eraikin bat ere eraikiko lukete, aldageletarako.
• Industrialdeko aukera hobesten du Sestrak
Bigarren aukerak, ospitalekoak, espazio zabalagoa hartzea ahalbidetzen du (5.850 metro koadroko eremua), eta ondorioz igerileku eta berdegune handiagoa eraikitzea (500 m2 eta gehienez 1,40 metroko sakonerako piszina aurreikusten dute). Igerileku handiaren ondoan, hemen ere aurreikusten dute igerileku txikiago bat, hiru aukeretan eraikiko luketen neurri berekoa: 50 metroko koadroko azaleraduna eta 40 zentimetroko altuerakoa, bai eta aldageletarako eraikina ere (200 bat metro koadrokoa). "1.000 bat erabiltzaile hartu ahalko lituzke guztira guneak: 350 bat lagun, uretan, eta gainerakoak, zelaigunean". Baina baditu pegak. "Ez dugu bateragarria ikusten era honetako dibertimenduzko gunea ospitale baten ondoan eta gainera, trafiko arazoak handituko lirateke". Aparkalekuak ere ospitaleko errepidearen ertz batera sortu beharko lirateke (50 bat autorentzat), eta hori traba da, lehendik ere trafiko arazoak badaudelako. Aurrekontua 3,8 milioi eurokoa izango luke gutxi gorabehera, metro koadroko 900 eurokoa. Azken aukera, industrialdekoa, hobesten du enpresak. Neurritan bigarren kokagunearen parekoa litzateke eta sarbide berritik iritsiko litzateke ia bertaraino, eta handik bide bat zabalduko lukete igerilekuetara, "trafiko arazoak beraz hutsak lirateke". Kokagune honetara bi eredu daude, eta 4,5 eta 5,10 milioi euro arteko aurrekontuak dituzte, hurrenez hurren. Esan bezala, igerilekuen dimentsioak bigarren kokagunekoaren parekoak lirateke.
500 metro koadroko azaleradun piszina bat aurreikusten dute aukera honetan ere, eta ondoan, plisti-plastarako beste bat, 50 metro koadrokoa. Piszina handiak, 1,40 zentimetroko altuera izango luke punturik sakonenean, eta txikiak, 40 zentimetrokoa. Aldageletarako eraikinak ere 200 metro koadro hartuko lituzke.
∞Lotura duten albisteak:
- Mañuska berri ondoan beste kirol-gune bat egitea bideragarria den aztertzen hasi da Mendaroko Udala (2022-11-16)
- EH Bilduk dio Mendaroko kirol azpiegituren azterketa eurek eskatuta egingo dela herritarren parte hartzearekin (2022-03-14)
- Mendaroko kirol azpiegituren azterketa egingo dute (2022-03-09)