Bi txapelketa jokatzen dituzte, Liga lehenik eta Kopa gero. Lehenengoan 28 xakelarik hartu zuten parte, lau mailatan banatuta. Ligako lehia joan den abenduan amaitu zuten, eta iaz jokatu zuten estreinako edizioan gertatu zen moduan, Felix Manso xakelari urnietarra gailendu zen lehen mailako xakelarien artean. Markel Kerexetak irabazi zuen bigarren mailako liga txapelketa, Nestor Teruel mendaroarrak hirugarren mailakoa eta Eneko Egaña mendaroarra gailendu zen laugarren mailakoan.
• Mikel Leon nagusi Kopan
Liga bukatu ostean, hamasei xakelarik hartu dute parte azken asteetan jokatu duten Kopa txapelketan. Final-zortzirenetako kanporaketekin hasi ziren, eta xakelariek ordubeteko muga zuten partidak jokatzeko. Kanporaketak jokatu ostean, Juanjo Gomez eta Mikel Leon ailegatu ziren finalera. Gomezek, Eneko Egaña mendaroarra; eta, Vicente Santos eta Jon Esnaola elgoibartarrak gainditu zituen kanporaketetan; eta, Leonek Iñaki Burunza eta Iker Ruiz plaentxiarrak eta Jose Ramon Oyarzabal elgoibartarra kanporatu zituen finalerako bidean. Final parekatua jokatu zuten astelehenean. Gomezek jokatu zuen pieza zuriekin eta 70 minutuko lehiaren ostean, tablak egin zituzten. Berdinketa apurtzeko jokatu zuten bigarren xake-jokoan Leonek jokatu zuen zuriekin, eta jokalari bakoitzak 15 minutu eduki zituen jokaldiak egiteko. "Parekotasun handiko lehia izan zen berriro ere eta bioi minutu bakarra gelditzen zitzaigula sartu ginen azken txanpan", azaldu du Mikel Leonek finalaren amaieraz. Denbora ahitzear zela eginiko azken jokaldietan, urduritasuna eta presa gailentzen direnean, hobeto moldatzen asmatu zuen Leonek, eta berak eskuratu zuen garaipena.
∞Lotura duten albisteak: