Aita Agirreko kultur kafearen kudeaketa lizitaziora atera du Udalak

Barren.eus 2023ko mai. 9a, 08:48

Elgoibarko Udalak Aita Agirreko Kultur Kafea kudeatzeko lizitazio berria argitaratu du, eta interesatuek maiatzaren 22ra arteko epea dute proiektuak aurkezteko. 

Kultur Kafearen azken lizitaziotik bi urte pasatu dira, eta uztailean amaituko da egungo kontratua. Lizitazio berria ere bi urterako atera dute, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Urteko lizitazio-tasa minimoa 2.400 eurokoa da, BEZik gabe. Esleipendunak zerbitzuaren ohiko funtzionamendurako behar dituen produktuak eta artikuluak erosi eta saltzeaz arduratu beharko du,  eta taberna baten berezko zerbitzuak garatu ahal izango ditu, edari alkoholdunak eta alkoholik gabekoak zerbitzatuz, kafeak eta ordezkoak, pintxoak, kazolatxoak, menuak... Erabat debekatuta egongo da tabakoa eta legez kanpoko produktuak saltzea. Internet, telefonia, argia, gasa, ura eta abarren gastuak esleipendunak ordainduko ditu. Horrez gain, hilean kontzertu bat eta bestelako ikuskizun/ikastaro/tailer/kultura-jardueraren bat antolatu beharko ditu gutxienez, eta euskara irizpideak bete beharko ditu. Oinarriak bere osotasunean Udalaren www.elgoibar.eus web orrialdeko iragarki taulan kontsulta daitezke, eta proposamenak ere webgunetik aurkeztu beharko dira, Kontratatzailearen Profila atalean. 

Ordutegia honakoa izango da:

  • Astelehenetik ostegunera: 7:00etatik 9:00etara ireki, eta 22:00etan itxi. 
  • Ostiraletan eta larunbatetan: 7:00etatik 9:00etara ireki, eta 1:30ean itxi.
  • Igande eta jaiegunetan: 09:00etatik 11:00etara ireki, eta 22:00etan itxi.

“Aita Agirre Elgoibarko kulturaren taupada da, eta garrantzitsua da Kultur Kafea filosofia hori bere gain hartzen duen espazioa izatea eta elgoibartarrentzat topagunea bilakatzea. Zerbitzu hori sorkuntzarekin lotutako hainbat udal-zerbitzu biltzen dituen plaza batean dago, eta formatu txikiko kultur ekitaldiak eskaintzen dituen taberna batek bertako eta Elgoibarko kultur nortasuna bultzatzen lagunduko du. Elgoibartarren esku dagoen beste zerbitzu bat” azpimarratu dute Udaletik.