Elgoibarko Udalak, Kultura, Euskara, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailen bitartez antolaturiko VI. Idazlan lehiaketara 197 lan aurkeztu dituzte, eta horietako 26 izan dira sarituak. Jasone Osorok, Jon Eugik eta Iñigo Otañok osatu dute epaimahaia. Lehiaketaren helburua ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzea izan da, eta epaimahaikoen hitzetan, aurtengo edizioan azpimarratzekoa da parte hartzea, inoiz baino lan gehiago aurkeztu direlako, bereziki, DBHn eta Batxilergoan. Lanen kopuruaz gain, lanen kalitatearekin ere pozik ageri dira epaimahaiko kideak. Balorazioa bukatzeko, heziketarekin erlazioa duen datu bat eman dute: “Irakurtzen duten ikasleen artean, eskolako porrota %1ekoa bakarrik da. Dudarik gabe, irakurtzeak eta idazteak izugarrizko abantaila ematen digu ez bakarrik heziketa akademikoan baita pertsonalean ere”.
• 'Bota Literak!' idazle gazteen klubak urtebete
Jasone Osorok, Udalaren laguntzaz, gidatzen duen “Bota literak!” idazle gazteen klubari buruzko informazioa eman zuen sari banaketa ekitaldian. Joan den ikasturtean sortu zuten Bota literak! taldea. 12tik 16 urtera bitarteko neska-mutilez osatua dago eta astean behin elkartzen dira Aita Agirren. "Helburua idaztea da, idazten ikastea, idatzitakoa partekatzea, ozen irakurtzea, idazten dituzten gauzei buruz hausnartzea eta, batez ere, elkar ezagutu eta jolasen bidez idaztea, ondo pasatzea", azaldu zuen Osorok. Horretarako, hainbat baliabide erabiltzen dituzte, besteak beste, objektuak, musika edo ikus entzunezkoak.
Datorren ikasturtera begira ere jarraitu nahi dute, eta interesa duen oro animatu nahi dute taldera batzera. Izena emateko nahikoa da mezu bat bidaltzea euskara@elgoibar.eus helbidera. Klubeko zenbait kidek euren testuak irakurri zituzten atzo eginiko sari banaketa ekitaldian (beheragoko argazkietan). Eta ekitaldiari bukaera emateko, aipamen berezia jaso zuten ondorengo bost ikasleek, lehiaketan parte hartzeko egindako ahalegin bereziagatik:
Sondos Boulmani Laasouli, Markel Prieto Perez, Elaia Ormaechea Arroyo, Nahia Limia Blanco eta Saioa Etxeberria Zabalo.
Aurrez eginiko edizioetan bezala, Udalak 2022an eta 2023an saritutako lanekin liburuxka argitaratuko du 2024an. Saridunen eta aipamen berezia jaso dutenen zerrenda barren.eus webgunean aurkituko dituzue.
Saritu bakoitzak bere saria jaso zuen: erosketa bonua, diploma eta liburuak. Saritutako lanak, egileak eta sariak ondorengoak izan dira:
∞Lotura duten albisteak:
- Banatu dituzte idazlan lehiaketako sariak (2022-05-12)
- 212 lan aurkeztu dituzte Elgoibarko Idazlan lehiaketara eta inoizko partaidetzarik handiena izan da aurtengoa (2021-04-21)
- Idazlan lehiaketan saritutako 28 neska-mutilek jaso dute saria, hiru txandatan banatuta (2020-06-17)
- 165 lan aurkeztu dituzte Elgoibarko II. idazlan lehiaketara, eta horietatik 25 lan saritu dituzte (2019-04-10)
- I. Idazlehiaketan oso maila ona egon da epaimahaikoen ustez (2018-05-30)