Greban dauden garbitzaileek kalera atera dituzte euren protestak, atzo Elgoibarren eta Mendaron gaur

Barren.eus 2023ko mai. 26a, 18:33

Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileak greban daude eta euren egoera eta lan gatazka jendaurrean salatzeko manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean Elgoibarko kaleetan. Gaur goizean, berriz, 89 egun greban daramatzaten Osakidetzako zentroetako garbiketa-zerbitzuko beharginek egin dute protesta ekitaldia, Mendaron.

Deba bailaran eraikin eta lokalak garbitzen lan egiten duten hainbat lagun batu ziren atzo Elgoibarren, bizi duten egoera salatzeko. Maiatzaren 22an hasi zuten grebari domekan emango diote amaiera, baina euren eskaerak ez dituztela bete salatu dute.ELA sindikatutik nabarmendu dutenez, eraikin eta lokaletako garbikuntza "erabat feminizatutako" sektorea da; izan ere, langileen %90 baino gehiago emakumeak dira. "Eta beste behin ere, prekarietateak emakume aurpegia duela egiaztatu dugu. Soldata prekarioak, gehiegizko lan-kargak, lanaldi partzialak, ikusezintasuna... kolektiboaren egunerokoa da", esan dute.

Garbikuntzako langileok bost urte daramatzatela hitzarmenik gabe salatu du sindikatuak, eta horren ondorioz eros ahalmenaren %15 galdu dutela. "1180 euro gordineko hileko soldata kobratzen dute lanaldi osoan. Egia esan, sektoreko langileen % 80k baino gehiagok lanaldi partzialak ditu, eta, beraz, hilean 1.000 euro gordin baino gutxiagoko soldata du kolektiboaren %80ak. Ez da zaila astean 10 orduko lanaldiak dituzten eta enpresa batean baino gehiagotan lan egiten duten langileekin topo egitea", azaldu dute.
Negoziazio-mahaia erabat "blokeatuta" dago jakinarazi dute. Beharginak Aspel Estatuko garbikuntzako patronalarekin ari dira negoziaketetan, Gipuzkoako garbiketa-enpresa kopuru txikia, %30 ordezkatzen duen arren. "Aspelek, aurretik egin bezala, negoziaketan planteamendu erregresiboak egiten ditu, eta, horrela, jada prekarioak diren langileen lan-baldintzak okertzea proposatzen du", dio ELAk.
Patronalaren planteamendu ekonomikoak ez daudela KPIarekin lotuta diote, eta, horrela, garbikuntzako langileak "egiturazko pobretasun sistematiko batera" kondenatzen dituztela. Garbikuntzako sektoreak KPIari lotutako soldata-igoerak izateko eta lan baldntza duinak edukitzeko eskubidea duela aldarrikatu dute, "hala denik ez dirudien arren".
ELAk gogora ekarri du urteak daramatzala sektoreko langileek pairatzen duten soldata-arrakala salatzen, eta arrakala hori handitu besterik ez dela egin, %40.46raino. "Horren arrazoia da, hein handi batean, maskulinizatutako sektoreetan ez dela zalantzan jartzen soldata-igoerek eros ahalmena erreferentzia bezela izan behar dutenik; garbikuntzan, berriz, KPIaren erreferentzia ez da inoiz erreferentzia balioduna izan patronalarentzat".
Sektoreak lan-baldintza duinak eta erosteko ahalmena bermatuko duten soldatak izan ditzan borroka egingo dutela diote, irmotasunez. "Funtsezko sektore baten lan-baldintzak duintzeko. Baina badakigu horretarako antolakuntza eta borroka beharrezkoak izango direla. ELAtik argi daukagu gabrbikuntza duintzeko unea dela, eta azken hilabeteotan sektoreko 600 langile baino gehiagorekin egon gara, 50 batzar baino gehiago egin ditugu eta azken urtean 10 negoziazio-eremu berri baino gehiago ireki ditugu. ELAren helburua da emakume langileak antolatzea Gipuzkoako garbikuntzako hitzarmen duin bat lortzeko, langileei erosteko ahalmena bermatuko dien eta prekarietatearekin amaituko duen hitzarmen bat lortzeko.
Datozen hilabeteetan lanean jarraituko dutela eta garbikuntza-zerbitzuetako bezero nagusiekin bilerak eskatzeko asmoa dutela aurreratu dute, besteak beste, elikadura-kateak, industriako enpresak, udalak, e.a. "Izan ere, horiek guztiak dira gure prekarietatearen konplize, eta beren erantzukizuna onartu behar dute". Bezeroek euren gain hartu behar dute beren instalazioetan ematen diren zerbitzuen erantzukizuna. Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide arteko gutxieneko soldata bat eskatzen duten arduradun politiko horiek beraiek dira euren udaletan garbikuntzako langileak prekarietatera kondenatzen ari direnak, hileko 1180 euro gordineko soldatarekin. Gizonei azpikontratatzen dituzten emakumeei baino % 40 gehiago ordaintzen diete".
Erantzukizun politikoak hartzeko garaia dela uste dute, benetako politikara pasatzeko eta sektore feminizatuetako soldata-arrakalaren eta prekarietatearen aurka "borroka" egiteko garaia. "Ez dugu propaganda politikorik nahi, langileentzako benetako politikak nahi ditugu. Horregatik guztiagatik, ELAk uste du garaia dela sektorea antolatzeko eta mobilizazioak hasteko. ELAn argi daukagu hitzarmen duin baten alde borrokatzeko unea dela, eta mezu hori helarazi nahi diegu gaur gabrikuntza-enpresei eta bezeroei: prekarietatea amaitu eta erosteko ahalmena bermatuko duen hitzarmen duina negoziatzeko eta lortzeko unea da. Eta bide horretan jarraituko dugu lortu arte".

 • Osakidetzako garbiketako beharginen manifestazioa eta elkarretaratzea, Mendaron
Osakidetzako zentroetako garbiketa-zerbitzuko beharginek 89. greba eguna bete dute gaur, eta horiek ere kalera atera dituzte euren aldarrikapenak eta haserrea. Donostia, Arrasate eta Zumarragako ospitaleetan lanean diharduten hainbat garbitzaile Mendaro Ospitalekoekin batera batu dira, gaur goizean, eta manifestazioa hasi dute ospitalaren sarreratik. Mendaroko kaleak manifestazioan zeharkatu ostean, udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea.
Osakidetzako garbitzaile batzuek, ELA sindikatuak deituta, greban daramatzate 89 egun gaur, eta apirilaren 26az geroztik gehiengo sindikala ere batu zen greba deialdira, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek protestarekin bat eginda. Ekainaren 4a arte luzatuko da greba oraingoz, baina intersindikaletik salatu dute negoziazio mahaia "zeharo blokeatuta" dagoela.
Greba honen helburua garbitzaileen lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea da. Sindikatuek salatu dute baldintza horiek jada adostuak zituztela enpresekin eta Osakidetzarekin, baina orain Osakidetzako zuzendaritza dela langileei baldintza horiek aplikatzen ez dizkiena.

Osakidetzak, bere aldetik, esan du ez dagokiela beraiei azpikontratatutako enpresen baldintzak negoziatzea, "kontratuetan ezartzen diren baldintzak betetzen direla bermatzea baizik". Sindikatuek adierazi dute Osakidetzak ere adostu zuela hitzarmena bere garaian, eta bere ardura dela hitzarmena betearaztea enpresei.

∞Lotura duten albisteak:

Hona Mendaro zein Elgoibarko protesta ekitaldietako irudiak:

2023 05 26 garbitzaileak osakidetza greba mendaro ospitala

2023 05 26 garbitzaileak osakidetza greba mendaro ospitala manifa BARREN 2

2023 05 26 garbitzaileak osakidetza greba mendaro ospitala manifa 3 BARREN

2023 05 26 garbitzaileak osakidetza greba mendaro ospitala b1 BARREN

2023 05 26 garbitzaileak osakidetza greba mendaro ospitala plazan BARREN

2023 05 25 garbitzaileak greban manifestazioa elgoibar BARREN

2023 05 25 garbitzaileak greban manifestazioa elgoibar BARREN 1