Era berean, aurreko hitzarmenean, garbitzaileen baldintzak Osakidetzako gainontzeko langileenekin homologatzeko neurriak onartu zituzten aldeek (sindikatuek, ISS Facility Services S.A. azpikontratatutako enpresak, langileek eta Osakidetzak), baina azpikontratatutako langile denek ez dute 2012ko, 2019ko, 2020ko eta 2021eko karreretako deialdirik kobratu. Osakidetzaren baitako langileek, bai, ordea. ELAtik jakinarazi dutenez, ESI Debabarrenean 42 garbitzaile dira azpikontratatutakoak, eta bat ez beste guztiak emakumezkoak dira. Sektorearen feminizazioa ia erabatekoa da beraz, eta ELAn garbi dute hori ere adierazgarria dela auzi honetan: "Gizonak gehiengo diren (%80) kale garbitzaileen sektorean, urtero-urtero, arazorik gabe onartzen dute soldatetan KPIaren araberako igoera aplikatzea".
Azpikontratatutako garbitzaileak ere Osakidetzako langileen baldintzekin homologatuta daudela adierazten du beraz hitzarmenak, baina praktikan, enpresak ez dizkie Osakidetzako langileek azken urteotan izan dituzten hobekuntzak aplikatzen, ez behintzat azkeneko konbokatoriak irten ondoren kontratatutakoei, eta horregatik, otsailaren 27an planto egin zuten, ELA, LAB, UGT, CCOO, eta ESK sindikatuek deituta. Astebeteko grebaren ostean, ELAkoak ez beste guztiak lanera itzuli ziren martxoaren 5ean, baina orain greban daude berriro denak, eta jakinarazi dute apirilaren 3a arte luzatuko dutela protesta, tarte horretan negoziazioak desblokeatu ezean.
Atzo ziren biltzekoak Bilbon negoziazio-mahaikoak, baina bi aukera ikusten zituzten ELAtik: Osakidetzak gutxiengo zerbitzuak handitzeko eskatzea Jaurlaritzari edota proposamenen bat egitea. Azkena, Osakidetzako bitartekariak sindikatuei agindu zien 2023ko urtarriletik aurrera karrera profesionaren inguruan dauden igoerak ordainduko zizkietela langileei, baina langileek eta sindikatuek ez zuten onartu, zor zaiena gehiago delako arrazoituta. Egoera horretan, anbulatorio eta ospitaleak zerri eginda eta ospitale atarietan garbitzaileak protestan dituztela (joan zen eguenean eta astelehenean elkarretaratzeak egin zituzten Mendaroko ospitaleko atarian), Osakidetzak gutxiengo zerbitzuak handitzeko eskatu dio birritan Jaurlaritzari. ELAtik jakinarazi dute langileek grebara jo zutenean, Mendaroko ospitalean gutxieneko zerbitzuak asteburuetan izaten den garbitzaile kopuruarekin betetzea (5 langile) eta arrisku handiko guneak garbitzea agindu zuela Jaurlaritzak, larrialdi zerbitzuak eta kirofanoak kasurako. Gerora, langile gehiago gehitu zituzten gutxiengo zerbitzuak betetzeko, baina ELAtik salatu dute arrisku handiko guneak ez ezik, kontsultategiak eta korridoreak garbitzeko agindua ere jaso duela enpresak, eta horregatik, salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzan [Atzo ziren biltzekoak sindikatuak, enpresa eta Mendaro Ospitaleko kudeatzailea, baina edizio hau ixteko orduan ez zegoen artean erabakirik].
Nolanahi ere, langileek salatu dute gatazka ez dela gutxieneko zerbitzuak handitzearekin konponduko, ez eta Ertzaintza bidalita ere, zenbait elkarretaratzeetan gertatu den bezala. "Garbitzaileak funtsezkoak gara eta baldintza duinetan lan egitea dagokigu, zabaldu dute.