Gasteizko hilketa matxista salatu dute dozenaka herritarrek Mendaron eta Elgoibarren

Barren.eus 2023ko mai. 30a, 11:01

Domekan Gasteizen izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten, atzo arratsaldean, Elgoibaren eta Mendaron.

Gasteizko apartamentu hotel batean 32 urteko emakume bat hilda topatu zuten, joan den domekan, ondoan 3 urteko alaba zuela. Umea bizirik topatu zuten. Ertzaintzak adierazi duenez, indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira kasua, eta haren bikotekide ohia, 34 urteko gizona, domekan iluntzean atxilotu zuten Zaragozan (Espainia), andrearen hilketa egotzita.

Bi asteren barruan Euskal Herrian gertatu den bigarren hilketa matxista da (Orion gertau zen aurrenekoa), eta hori salatzeko, protestak egin dituzte han-hemenka, baita Elgoibarren eta Mendaron ere. Tratu Onen Aldeko Taldeak antolatu zuen Mendarokoa, 'Aski da! Nazkatuta gaude. Indarkeria matxistaren kontra antolakuntza feminista' lelopean. Elgoibarko elkarretaratzea Kalegoen Plazan egin zuten, Lilak antolatuta.

2023 05 29 elkarretaratzea mendaro gasteiz hilketa matxista BARREN

2023 05 29 elkarretaratzea elgoibar gasteuz hilketa matxista Lila BARREN