Atzo arratsaldean Alberto Casadok bikotekide izan zuen Lourdes del Hoyo hil zuen tiroz, berak manipulatutako eskopeta batekin, eta ondoren, bere burua hil zuen. Hasieran leherketa bat izan zen kontua zabaldu bazen ere, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi zuen hilketa matxista izan zela. Erkorekak hildakoaren eta hiltzailearen inguruko hainbat datu jakinarazi zituen. Hildakoak Lourdes de Hoyo izena zuela, 50 urte zituela, Orion bizi zela eta bi seme-alabaren ama zela. Albistea zabaldu bezain laster, elkarretaratzera deitu zuen mugimendu feministak.
Aurten indarkeria matxistaren ondorioz Euskal Herrian hildako lehen emakumea da Lourdes del Hoyo. Iaz bost andre hil zituzten; 2003tik, 118 emakume falta dira Euskal Herrian, eta 11 ume.
Indarkeria matxistaren kontra, ardura kolektiboari eutsi; Indarkeria matxistaren kontra antolakuntza feminista eta Emakumeenganako indarkeriarik ez moduko leloak irakurri ahal izan dira gaur Elgoibarko eta Mendaroko elkarretaratzeetan zabaldu dituzten oihaletan.