San Agustin aretoa bete egin zen atzo Anjel Bazterretxearen omenezko dokumentalaren emanaldirako

Barren.eus 2023ko eka. 8a, 09:56

Oroitzapen eta emozio asko piztu zituen atzo 54 urtez Mendaroko abade izan zen Anjel Bazterretxearen omenezko dokumentalaren emanaldiak. San Agustin aretoa bete egin zen eta une hunkigarriak bizi izan ziren.

Elgoibarko Izarrak osatu du proiektua Mendaroko Udalaren laguntzarekin, eta Dorleta Lazarobaster Udaleko zinegotziak eta Ainara Argoitia herriko kazetariak egin zituzten aurkezpen lanak. Bazterretxea Mendaron nor izan zen gogoratu zuen Lazarobasterrek. Era berean, joan zen astean zabaldu zuten 'Herri bat, mila oroitzapen' erakusketa izaten ari den arrakasta ere aipatu zuen, bai eta Joseba Olazabalek, Ainara Argoitiak eta berak proiektua nola abiatu zuten azaldu ere. Lazarobasterrek eskerrak eman zizkien bidean modu batera edo bestera laguntza eta babesa agertu dieten guztiei eta azpimarra berezia egin zuen Ainara Argoitiaren izena aipatuta. Hark hartu zion ondoren hitza, hunkituta. Argoitiak eskerrak eman zizkien Bazterretxea-Elezgarai familiakoei eta dokumentalerako kamera aurrean jarri diren lagun guztiei, bai eta Udalari ere proiektua diruz laguntzeagatik. “Ilusioa eta gogoa bageneuzkan, baina dirurik gabe ez dago gaur ezer eta hori jarri du Udalak”. Era berean, lantaldekoei ere zuzendu zitzaien, hunkituta. “Dorleta izan dut guzti honetan makulu nagusietako bat, eta Joseba Olazabal beste bat, hor nonbait lotsa-lotsa eginda egongo dena. Aipatu nahi nuke Bazterretxeak hasitako bidetik Olazabal egiten ari den lana herri honetan. Ez dakit jabetzen garen, baina handia da egiten ari dena. Era berean ez nuke Naia Aizpurutaz ahaztu nahi, bera izan delako guzti hau fin josteko ardura hartu duena. Zorionak, Naia”.

Hasierako hitzen ostetik, ekitaldia aukeztu zuen Argoitiak. Anjelen iloba Aintzane Bazterretxea Elezgaraik eta Maddi Arriola Mendieta mendaroarrak bi kantu jo zituzten lehendabizi, pianoa eta biolinarekin lagunduta. Hori izan zen 'Anjel Bazterretxea, herrigintzan akuilu eta hauspo' dokumentalaren emanaldiaren atarikoa. Emanaldian zehar hunkituta nabari zitekeen ikusleetako asko eta txalo zaparrada luze batekin erantzun zuten bukaeran. Dokumentala ikusitakoan, lore eskaintza egin zioten antolatzaileek Bazterretxearen etxekoei, eta ondoren Aitor Motriko Mendaroko elizako abesbatzako zuzendariak eta Aintzane Bazterretxea ilobak gidatuta, ‘Ene Mutriku maitea’ kantua abestu zuten, Anjel Bazterretxea berak sortutakoa delako kantuko letra. Ezustekorik ere izan zen, baina. Herritar talde bat igo zen oholtzara bukaeran antolatzaileei eskerrak ematera. Lore-sorta bana eta Mendaroko txokolatea jaso zituzten antolatzaileek haien eskutik eta txalo zaparrada handi bat ere bai.

∞Lotura duten albisteak:

 

2023 06 07 anjel bazterretxea dokumentala emanaldia mendaro