Ikusmina sortu du 'Herri bat, mila oroitzapen' argazki-erakusketak

Barren.eus 2023ko eka. 6a, 10:57

54 urtez Mendaroko abade izan zen Anjel Bazterretxea omentzen ari dira egunotan Mendaron. Barikuan zabaldu zuten haren argazki-bildumako erretratuekin osatutako erakusketa eta jendetza handia ari da erakustokitik pasatzen egunero-egunero. Bihar, berriz, Bazterretxearen omenezko ikus-entzunezkoa emango dute San Agustin kulturgunean.

Elgoibarko Izarrak ondu du proiektua, Mendaroko Udalaren babesarekin. Batetik, 'Herri bat, mila oroitzapen' argazki-erakusketa osatu dute. 23 argazki jarri dituzte jubilatuen ondoko lokalean ikusgai, baina horiez gain, bideo bat ere osatu dute beste dozenaka argazkirekin, han bertan ikus daitekeena. Barikuan zabaldu zuten eta inaugurazio-ekitaldian izan ziren Bazterretxearen neba-arrebetako bi, Itziar eta Rafael, eta haren gertuko lagunak. Antolatzaileek jakinarazi dute konta ezin beste lagun pasatu dela egunotan erakusketatik eta herritarren eskaera aintzat hartuta, erakusketa luzatzea ere aztertzen ari direla. Momentuan, baina, ekainaren 8ra arte egongo da ikusgai. Goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara.
 • Ikus-entzunezkoa, bihar
Bestetik, 'Anjel Bazterretxea, herrigintzan akuilu eta hauspo' ikus-entzunezkoa ere prestatu dute, Bazterretxea ondo ezagutu zuten hemezortzi lagunen testigantzekin. Bihar dute ematekoa, ekainaren 7an, San Agustin kulturgunean, 18:30ean hasita. Ekitaldian Bazterretxearen senide eta lagunek ere parte hartuko dute. Antolatzaileek jakinarazi dute sarrera guztiak agortu direla. 

∞Lotura duten albisteak:

 

2023 06 05 don angel arg erakusketa mendaro BARREN

2023 06 05 don angel arg erakusketa mendaro BARREN 2

2023 06 05 don angel arg erakusketa mendaro BARREN neba arrebak