“Komunitatea sendotzeko pausoak ematea litzateke Anjel Bazterretxeari egin diezaiokegun omenaldirik onena”

Barren.eus 2023ko eka. 2a, 10:03

54 urtez Mendaroko abade izan zen Anjel Bazterretxeak (Mutriku, 1936 - Mendaro, 2019) Mendaro herriaren alde egindako lana aitortzeko bi hankako proiektua ondu du Elgoibarko Izarrak, Mendaroko Udalaren babesarekin. Batetik, argazki erakusketa osatu dute haren artxiboko zenbait argazkirekin, eta bestetik, eta artxibo-grafiko hori oinarri hartuta, Bazterretxeari buruzko ikus- entzunezkoa sortu dute, 'Anjel Bazterretxea, herrigintzan akuilu eta hauspo' izenburukoa.

Gaur, hilak 2, zabalduko dute erakusketa, jubilatuen ondoko lokalean, 18:00etan, eta ekainaren 7an (eguaztena) aurkeztuko dute ikus-entzunezkoa San Agustin kulturgunean, 18:30ean.

 • Zerk eraman zaituzte proiektu honetan parte hartzera?
Ainara: Nik uste zor halako bat sentitzen genuela Anjelekin proiektu honetara batzeko. Lagun izan genuen Anjel, kulturgintzan eta herrigintzan konplize, eta nire kasuan, kolaboratzaile fina eta informazio iturri agortezina ere bai kazetaritza lanerako. Gizon jantzia zen, herrian gertatzen zena dokumentatzeko kezka berezia zuen, eta ikusgarria da urteetan osatu zuen artxibografi koa. Gaur beste argazki-kamera ez ziren garaian, zientoka argazki egin zituen, baina ez afi zio hutsagatik. Herri baten sortze prozesu osoa eta Mendaroren historian mugarri izan diren gertaerak ere erretratatu zituen, bai eta herriko jendea ere, eta argi ikus daiteke haren lanean nahi bat: komunitate bat sortzeko gogoa, elementu kohesionatzaileetan azpimarra jarrita. Esango nuke hori izan zela bere ekarpen handiena. Sentitzen nuen zorionekoa nintzela Anjelen artxibo zati bat ezagutzeagatik eta hein batean amets egiten nuen argazki eta diapositiba haiek guztiak behar bezala dokumentatuta eta herritar guztion eskura jartzearekin, iruditzen zitzaidalako izugarrizko ondarea zela, Mendaroko historiaren parte handi bat zegoelako jasota. Esan ere egin izan nion. Halakotan 'hartu eta eraman behar duzuena' erantzuten zuen beti, berezkoa zuen eskuzabaltasunez. Hil-hurren zela jakin nuen artxibo haren zati bat emana ziela Dorleta Lazarobasterri eta Edu Zubiaurreri. Biak jarri ziren nirekin harremanetan, interesa izango nuelakoan, eta behingoz gai hari serio heltzea erabaki genuen. Sasoi hartan, argazki haietako batzuk digitalizatzeari eta sare sozialen bidez zabaltzeari ekin zion Joseba Olazabalek, baina esango nuke denok pentsatzen genuela Udalaren ardura izan behar zela hura. Hala pentsatu genuen guk behinik behin, eta Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiengana jo genuen Joseba, Dorleta eta hirurok proposamen horrekin. Ondo iruditu zitzaien.
Naia: Ainarak proposatu zidan niri hemen sartzea eta ilusio eta gogo handiz hartu nuen, iruditu zitzaidalako aukera polit bat izan zitekeela Mendaroren alde horrenbeste lan egin zuen gizona gogoratzeko ekimenean nire alea jartzea. Umetan ezagutu nuen nik Anjel. Ez nuen aparteko harremanik izan berarekin, baina banekien herrian estimu handia izan ziola jendeak eta askoren oroimenean zegoela, eta orain jabetu naiz benetan zenbat maite izan zuen jendeak.

 • Non du abiapuntua proiektuak?
Ainara: Udaletxean ordezkaritza zuten hiru alderdiengana jo genuen Anjelen artxiboa digitalizatzeko eta dokumentatzeko eskatzera eta Udalak enpresa bat kontratatu zuen artxiboa digitalizatzeko. Lan hori eginda dago. Guk herritarren eskura jarri nahi genituen argazkiak, bistan, eta ahal zela dokumentatuta, baina digitalizatzea zen aurreneko pausoa eta pozik eta eskertuta ere bagaude Udalak pauso hori eman zuelako. Dorleta Lazarobasterrek eman zigun hurrengo pausorako bultzada, bera izan baita proiektu honen sustatzaile nagusia. Egun batean deitu zidan ea argazki haiekin bideoren bat osatuko ote nuen galdezka. Bildu ginen, eta erabaki genuen interesgarriagoa izango zela argazki haiei testuinguru bat ematea, eta haiek oinarritzat hartuta, Anjelek Mendaro herriari egindako ekarpena zein izan zen kontatzea, herritarren ahotik. Eta egun gutxiren buruan, proiektu hari helduko ote genion esanez etorri zitzaidan berriro, eta jarri ginen buru-belarri lanean. Proiektua Elgoibarko Izarratik gauzatu dugu, eta Mendaroko Udalak finantzatu du.

 • Bi hankako proiektua gauzatu duzue. Nortzuk jardun zarete egiteko horretan?
Ainara: Bai, batetik erakusketa bat osatu dugu Anjelen artxiboko 22 argazkirekin, eta bestetik, ikus-entzunezko bat sortu dugu. Anjel ondo ezagutu zuten hamazortzi herritarren testigantzetan oinarrituta ahalegindu gara Anjelek kulturgintzan eta herrigintzan egindako ekarpena azaleratzen. Elgoibarko Izarrak hartu du proiektu osoaren ardura, eta lau lagunek parte hartu dugu: Naia Aizpuruak, Galder Zabalak, Asier Orbeak eta neuk. Hala ere, aipatu nahi nituzke Aitor Etxeberria, Joseba Olazabal, Ina Iriondo eta Maraca Diablo taldea ere, eskatutako guztian laguntzeko gertu izan ditugulako oraingoan ere. Dokumentalerako propio grabatu dute Maraca Diablokoek Inak berak sortutako Anjel kantua, Etxeberriak lagundu digu erakusketa atontzen eta Olazabal izan da gure makulua prozesu osoan.

 • 'Anjel Bazterretxea, hauspo eta akuilu' jarri diozue izenburua ikus-entzunezkoari, herrigintzan egin zuen ekarpenari erreferentzia eginda. Zer izan zen Anjel Bazterretxea Mendaron?
Ainara: Hil berritan ere esaldi horixe eraman genuen aldizkari honetan titularrera. Batari eta besteari galdezka jardun ginen orduan, eta denek nabarmendu zuten gauza bera: Mendaron gauza asko ez zirela posible izango bere garaian Anjel Bazterretxearik gabe. 54 urtez izan zen Mendaroko abade eta irekiera bat ekarri zuen. Herriarekin engaiatutako elizan sinisten zuen, justizia soziala bultzatuko zuen elizan, eta bere pentsakeragatik eta izaeragatik jende askorengana iritsi zen, izan eliztarrak edo ez. Gizon jantzia zen, gertukoa eta eskuzabala, eta hori nabarmentzen dute elkarrizketatu guztiek, baina gehiago ere izan zen. Konpromiso handiko gizona izan zen Anjel, printzipio sozial eta politiko sendoko militantea, eta ezer ez zegoen lekuan proiektuak sortzeko bidea egin zuena, bere ezagutza eta tenplea, eta eskura zituen baliabide guztiak jarrita. Horregatik hauspo eta akuiluarena, bietatik izan zelako. Izan zen sustatzaile, xaxatzaile, laguntzaile eta babesle ekimen eta proiektu askotan.

 

2023 06 01 anjel basterretxea azala BARREN