90eko hamarkadaren erdialdean, euskaraz abesturiko heavy metala indar handia hartzen ari zen garaian, sortu zuten Ehun Kilo taldea. 1991n batu ziren Jon Zabala (ahotsa), Jon Iturrino (gitarra), Jabi Bergara (gitarra), Kristian Etxabe (baxua) eta Kamilo Fernandez (bateria), eta urtebetera kaleratu zuten estreinako maketa. Kontzertuak ematen hasi ziren bata bestearen atzetik, eta 1994an atera zuten 'Euli artean' izeneko diskoa. Handik urtebetera iritsi zen bigarren diskoa 'Esaiek' izenburupean, eta 1997an desegin zuten taldea, Elgoibarko Gaztetxean eman zuten azken kontzertuarekin. 2017an izan zen Ehun Kiloren nolabaiteko itzulera. Taldea desegin eta hogei urtera Hatortxu Rock jaialdian jotzeko deia jaso zuten, eta haren harira, hiruzpalau kontzertu eman zituen taldeak, tartean Elgoibarko sanbartolomeetan. Iazko maiatzean batu ziren azkenekoz, eta ordutik elkarrekin jo gabe egon dira. Orain dela hilabete eta erdi inguru jaso zuten Eibarko jaietan Su Ta Gar taldearen aurretik jotzeko deia, eta ordutik buru-belarri aritu dira lanean, gaur gauekoa prestatzeko. 21:30ean izango da kontzertua, Untzaga plazan.
• Berriz ere igoko zarete oholtzara gaur gauean, eta ez edozein eszenatokitan, gainera. Eibarko Untzaga plazan izango da, eta Su Ta Gar taldearen aurretik. Nola suertatu zaizue kontzertu hau emateko aukera?
2017an Hatortxu Rock jaialdirako gonbitea egin zigutenean hiru bat kontzertu eman genituen. Elgoibarko txosna gunetik ere deitu ziguten gero sanbartolomeetan Maalan jotzeko eta haiei ere baietz erantzun genien, eta Ermutik ere deitu ziguten, baina pandemiaren ondorioz, iaz arte ezin izan genuen Ermuan jo. Konpromiso batzuk hartu genituen eta haiei erantzun genien, baina 2017tik atzetik geneukan Eibarko Kultura teknikaria. Ezaguna dugu, eta Eibarren jo behar genuela esaten zigun. Aurtengo San Joan jaietan Su Ta Gar iragarri zutenean berriz deitu zidan, eta nire hasierako erantzuna ezezkoa izan zen. Eskerrak eman nizkion gurekin akordatu zelako, baina lagata geneukala aspaldi eta ez genuela joko esan nion. Azkenean, Aitorrek [Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabel] Elgoibarren hitzaldi musikatua eman zuenean egosi zen berriro kontu hau. Elkarrizketa horren biharamunean deitu zidan berriz ere Eibarko teknikariak, eta gero, Aitorrek ere esan zigun animatzeko. Azkenean, baietz esan genuen.
• Aipatu duzu sotoko elkarrizketa musikatua, eta bistan geratu zen Aitorrek eta biok oso harreman ona duzuela. Haien aurretik jotzeak zer esanahi dauka zuretzat?
Aspalditik ezagutzen dugu elkar Aitorrek eta biok. Ehun Kiloren aurretik Napalm taldea sortu genuen, eta gitarjole bila ari ginela agertu zen Aitor proba egitera. Bera mutiko gazte bat zen orduan, 17 bat urte izango zituen, eta gu berarentzat gizonak ginen ordurako. Elkarrekin aritu ginen Napalm taldean, eta gero, Ehun Kiloren diskoan ere kolaboratu zuen; baita nik ere Su Ta Garren hasierako diskoetan. Hasierako bi diskoetako garrasi batzuk nireak dira, bai. Eta lagunak gara ordutik; harreman ona daukagu. Beraz, ezin izan genion azken gonbidapen honi ezetzik eman, baina gaur gauekoa gure azken kontzertua izango da, seguruenik. Su Ta Garrek bi aldiz finikitatuko nau: Napalm taldearen azken kontzertua ere Su Ta Garren aurretik eman genuen, eta Ehun Kiloren azkena ere halaxe izango da.
• Azkena dela diozu, baina ikusi izan zaitugu oholtzan azkenaldian, EME Egunean esaterako, eta nabari da oraindik gozatzen duzula.
Oholtzan bai, baina oholtzara igo aurretik egin beharrekoa da gogorrena. Taldekideon lana eta entseguak uztartzea ez da erraza. Adinean ere aurrera goaz, eta erritmoa hartzea kostatu egiten zaigu. 60 urte inguruko kuadrilla gara, eta bonbo bikoitzari eman egin behar zaio! Iazko maiatzean Ermuan eman genuen kontzertuaz geroztik ez gara orain arte elkartu. Orain dela hilabete inguru elkartu gara berriz Eibarkoa prestatzeko. Gaur gauekoa izango da seguruenik Ehun Kiloren azken kontzertua. Etorriko balitz eskaintza interesgarriren bat agian ezingo genioke ezetzik esan, baina oraingoan nik uste du baietz, azkena izango dela.
• Nola zaudete azken kontzertu honen atarian?
Orain arte lasai nengoen, baina hasi naiz urduritzen, egia esan. Denbora gutxi eduki dugu kontzertua prestatzeko, eta entseguak ere dozena erdi bat edo egin ditugu, gehiago ez. Bakoitzak bere lana daukagu eta ez da erraza elkartzea. Dena dela, gogotsu eta ilusioz gaude, baina aldi berean, urduri ere bai. Eibarren jotzea eta gainera Su Ta Garren aurretik gauza handia da, eta errespetua ematen du. Gure ibilbidean zehar gainera ez dugu sekula Eibarren jo. Auzoren bateko jaietan noizbait izan ginen, baina Untzagan gaur joko dugu lehenengo aldiz. Su Ta Gar izanda talde nagusia, seguru plaza topera egongo dela. Joan zen barikuan Maalan egon nintzen musika bandak eman zuen Queen kontzertuan, eta han ere jende asko etorri zitzaidan esaten etorriko zirela gu ikustera. Presioa sentitzen dut, ez pentsa, baina, aldi berean badakigu gauza handia dela. Ea asmatzen dugun, eta maila ona emateko gai garen.
• Zer emango duzue gaurko kontzertuan?
Ehun Kiloren bi diskoetako kantuak joko ditugu; ez dugu ezer berririk sortu. Betiko kantak izango dira. Guk ez dugu ezer sortzen eta orain dela 30 urteko abestiak jotzea ere ez da plana. Sortzaile bati gauza berriak sortu, diskoak atera eta jendeari erakustea gustatzen zaio. Egia da jendea oraindik gogoratzen dela gutaz, gerturatzen zaigu jendea eta guk askotan ez dugu jakiten nola erreakzionatu. Guk aspaldiko kontu bat bezala ikusten dugu Ehun Kilo eta jokoz kanpo harrapatzen gaituzte batzuetan.