Mateos-Ibarrola eta Astiazaran-Albizuri bikoteek irabazi dituzte Elgoibarko pala txapelketak

Barren.eus 2023ko eka. 24a, 09:17

Emozio handikoak izan ziren atzo arratsaldean Kalegoen plazako frontoian jokatu zituzten bi finalak.

Emakumezkoen txapelketaren 10. edizioko finala jokatu zuten lehenik. Aurtengo txapelketako finalerdiak eta partida ugari Ikastolako frontoian jokatu behar izan dituzte eguraldiagatik. Finalak, baina, eguraldi eguzkitsuarekin jokatu zituzten, eta partidek aurrera egin ahala, pilotazalez bete zen Kalegoen plaza. Yoli Mateos elgoibartarrak eta Eva Ibarrola mutrikuarrak osatutako bikoteak indartsu hasi zuen emakumezkoen finala; eta, aldiz hotz samar sartu zen partidara Karmele Martinez zarauztarrak eta Saioa Iraola mutrikuarrak osatutako bikotea. Mateosek tanto baliotsuak eta ikusgarriak lortu zituen aurreko koadroetan, batez ere bi pareta milimetrikoei esker. 10-2ko abantaila izatera ailegatu ziren. Lau pilotariak berotu zirenean, baina, jokoa orekatu zen, eta gutxinaka markagailua ere bai. Martinez eta Iraola saiatu ziren arren, aurkariek partidaren lehen zatian lortu zuten abantaila erabakigarria izan zen, eta 22-16 irabazi zuten finala. Txapelketa honetan lortu duen hirugarren txapela da Yoli Mateosentzat eta aurrenekoa Eva Ibarrolarentzat, aurrez jokatutako edizioetan finalera iritsi izan den arren. Ibarrolak ordezko gisa jokatu du Mateosekin, honek Maria Badiolarekin hasi baitzuen txapelketa, finalean jokatzerik izan ez bazuen ere.

Gizonezkoen finalean ere, bikote bat nabarmendu zen bestearen gainetik, lehen tantoetan: Igor Albizuri eta Ivet Astiazaran azpeitiarrek osatutako bikotea. 4-0 eta 10-5 aurreratu ziren, baina orduan iritsi zen bikote elgoibartarraren erreakzioa, eta Ander Condek eta Sergio Martinezek osatutako bikoteak hamarna berdindu zuen partida. Hurrengo bost tantoak errenkadan egin zituzten Astiazaranek eta Albizurik, eta bazirudien erabakigarria izan zitekeela abantaila hori, baina berriro ere markagailua orekatzea lortu zuten elgoibartarrek. Indarrak parez pare zituzten eta kosta egiten zitzaien batak besteari tantoa sartzea, eta horrek asko luzatu zuen finala. Eta hori gogor jotzen ziotela tenisko pilotari, partida erdirako hiru apurtu baitzituzten. Frontisetik kanpo bakarra bota zuten. Partidaren azken txanpan txorkatila batean min hartu zuen Ivet Astiazaran atzelariak, baina arazorik gabe jarraitu ahal izan zuen, atseden txiki baten ostean. Emozioak gora egin zuen azken tantoetan eta 22-20 irabazi zuten Albizurik eta Astiazaranek. Pozik zeuden eurak eta baita Azpeititik ekarri zituzten lagunak ere. Euren animoekin giro berezia eman zioten finalari.

Lagunak Pilo Eskolak antolatzen dituen txapelketotako sariak banatu zituzten amaieran, Maialen Gurrutxaga alkatearen et Ricardo Astigarraga zinegotziaren laguntzarekin. Irabazlek, garaikurra eta ardo botilak jaso ituzten saritzat.

2023 06 23 pala finalak elgoibar BARREN emak kalegoen

2023 06 23 pala finalak elgoibar BARREN yoli mateos

2023 06 23 pala finalak elgoibar BARREN emak

2023 06 23 pala finalak elgoibar BARREN ander conde

2023 06 23 pala finalak elgoibar BARREN ivet

2023 06 23 pala finalak elgoibar BARREN sergio martinez

2023 06 23 pala finalak elgoibar BARREN finalistak agintariak

2023 06 23 pala finalak elgoibar BARREN partehartzaileak saribana

2023 06 23 pala finalak elgoibar BARREN azpeitiarrak