Gainontzeko langileekin homologatzea lortu dute Osakidetzako garbitzaileek, eta lanera itzuliko dira

Barren.eus 2023ko uzt. 13a, 13:34

136 egun greban zeramatzaten greban Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek lan hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu zuten atzo, eta lanera itzuli dira gaur.

LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eta Osakidetzan garbiketa zerbitzua eskaintzen duten azpikontratatutako enpresek akordioa erdietsi dute. Sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan bildu ziren patronalarekin. Hiru orduko bilera egin zuten. "Enpresak oso tematuta egon dira aurreakordioa ez sinatzearekin, baina azkenean lortu dugu", nabarmendu zuen Amaia Barragan LAB sindikatuko kideak batzarraren amaieran prentsari eginiko adierazpenetan.

Bost urtez hitzarmena negoziatzen ibili ondoren, zapatuan itxi zuten akordio berria bi aldeek, eta Osakidetzak egunotan eman dio oniritzia sindikatuek eta patronalak adostutako neurrien gainkostu ekonomikoari. Izan ere, adostu dutenaren arabera, langileek azken hiru urteetako ibilbide profesionalaren ordaina jasoko dute eta aurreko hiru urteen konpentsazio partziala ere bai. Gainera, lanpostu hutsak betetzeko eta errelebo kontratuak egiteko konpromisoa ere jaso dute lan gatazka bukatutzat ematen duen hitzarmenean. Lan Harremanen Kontseiluan sinatuko dute behin-betiko hitzarmena, pare bat hilabete barru. 2018ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra artean egongo da indarrean hitzarmen berria.

Homologazioaz gain, beste hainbat hobekuntza lortu dituztela jakinarazi dute hitzarmena sinatu duten sindikatuek. Besteak beste, langileei 2021etik atzerapenak dituzten karrera profesionaleko mailak aitortuko zaizkie, karrera profesionaleko etorkizuneko deialdietara sarbidea bermatuko zaie, eta txanda kontratua eskuratu ahal izango dute. Lanpostu hutsak adjudikatzeko erregulazio objektiboa ere ezarriko dute. "Anbulatorioetan lan egiten dutenek aukera izango dute lanpostu hutsak eskatzeko, ospitaleetan egiten den bezala", zehaztu zuen Javi Luengo UGTko kideak. Bakoitzari aitortutako mailaren arabera jasoko dituzte atzerapenak beharginek. Kopuru zehatzik ez dakiten arren, kalkulatu dute zenbait kasutan 9.000 euroraino iritsi daitekeela langileei ordaindu beharreko atzerapena.

Aurreakordioa LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek sinatu dute. Aldiz, ELA sindikatua akordiotik kanpo gelditu da, haren hitzetan gainerako sindikatuek onartu egin dituztelako Osakidetzaren eta enpresen "murrizketak". Hitzarmena sinatu duten sindikatuek jarrera "inkoherentea" izan dutela ere salatu du ELAk, Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileentzako "baldintza okerragoak betikotu" dituztelako. Diotenez, ordaindu gabe daude karrera profesionaleko 2012., 2019. eta 2020. urteak. Hitzarmena sinatzea "inkoherentea" dela uste du ELAk, eta langileen baldintzak "okertu" egingo direla. Hala ere, adierazi du akordioa, "nahikoa ez bada ere", langileek egindako grebari esker lortu dela: "Otsailaren 27an hasi zuten greba, ELAren deialdiarekin, eta sektorearen duintasuna eta konpromisoa erakutsi dute 136 egunetan".

Mendaroko ospitalean lan egiten duten garbitzaileak gaur itzuli dira lanera eta eskerrak eman dizkiete gatazka honetan babesa agertu dieten guztiei, "mila esker bihotz-bihotzez", esan dute.

∞Lotura duten albisteak: