Mendebaldetik sartutako ekaitzak kalteak laga zituen atzo arratsaldean Arratian eta Durangaldean bereziki, eta baita Debabarrena eskualdeko hainbat herritan ere, Mallabian, Ermuan, Eibarren eta Soraluzen; eta baita Mutrikun ere. Elgoibarren eta Mendaron ere gogotik egin zuen euria eta kazkabarra, eta ziur asko bati baino gehiagori ekainean bota zituen euri-erauntsiak etorriko zitzaizkiola gogora, baina oraingoan ez ziren horrenbestekoak izan eragindako kalteak. Joan den ekainaren 20an, 12,5 litro euri pilatu ziren metro koadroko hamar minutu eskaseko tartean. Atzo, 22,3 litro ur pilatu ziren 18:00etatik 18:30ra bitartean, Altzolako estazioko datuen arabera (grafikoak beherago). Ondorioz, zenbait estolderiak gainezka egin zuten Maala inguruan, eta horiek libratzeko eta ur-potzuak eragozteko zenbait herritarrek izan zuten ekimena txalotu du Elgoibarko Udalak. "Eskerrak eman nahi dizkiegu euri-jasen unean hiriko estolderia libratzen eta altxatzen aritu ziren boluntarioei. Bere konpromiso eta ahaleginari esker, ura azkarrago joan zen eta uraren jario naturala oztopatzen zuten hostoak kendu ziren", adierazi dute.
Herritarren laguntza eta "lan komunitarioaren espiritua" muturreko baldintza klimatikoek eragindako kalteak gutxitzeko oso garrantzitsua izan dela esan du Maialen Gurrutxaga alkateak. Elgoibar Kirol Elkarteak ere bertan behera laga zituen Mintxetan egitekoak zituzten entrenamenduak.
Ekainaren 18ko eta 20ko euri jasek eragindako kalteak ikusita, herriko eragileekin elkarlanean Larrialdi Plana prestatzeari ekingo ziola jakinarazi zuen Udalak. Eta horrekin batera euriteen kalteak arintzeko zenbait lan ere egin zituzten, besteak beste, estolderia sistema aztertu eta garbitu, eta lurrak mugitu zituzten IMHtik beherako bidetik datozen urak San Lorentzo errekara bideratzeko. Estolderiako estalki batzuk ere egokitu zituzten Ermuaranbide kalean ur gehiago biltzeko, eta, horrez gain, uholde-kasuetan jarraitu beharreko protokoloa ere zehaztu dute. Udaleko Larrialdi Plana ez dela itxia zehaztu dute Udaletik, uneoro hobetu eta garatu daitekeelako. "Horregatik, bizilagunen iritziak eta iradokizunak hartuko dira kontuan, atzoko egunean batutakoak, bai eta Udalaren ekimenak ere, hiriko biztanle guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko", azaldu dute.
•Abisu horia euriagatik
Prezipitazioak eta ekaitzak protagonista izango dira gaur berriro, eta Euskal Herrian abisu horiak ezarri dituzte, prezipitazio handiagatik, Kantauri isurialdean, 12:00etatik 24:00etara bitartean. Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertain eta trumoitsuak bota ditzake Kantauri isurialdean (Bizkaia eta Gipuzkoa), zenbait lekutan handiak izan daitezke, batez ere kostaldean.
Altzolako estazio hidrometeorologikoan ekainaren 18an eta 20an eta irailaren 11n jasotako prezipitazio datuen konparaketa, ondorengo hiru grafikoetan (Iturria: Euskalmet)
∞Lotura duten albisteak: