Domeka arratsaldeko ekaitzaren ostean, gaur ere ur putzu handiak sortu dira berriro Maala bueltan, eta ura sartu da Maalako garaje komunitariotara, bai eta Ilunpe tabernara ere. Malape tabernan hatz bategatik ez da sartu. Maalako biribilgunetik zubira arteko tartean pilatu da bereziki ura. Urak hartu du, era berean, Aita Agirre erakineko sotoa, eta garajeetatik ura ateratzen ari ziren une honetan brigadako langileak erratzak-eta hartuta. Zenbait enpresetan ere izan du eragina kaskabarrak eta tailer barrura ura sartu da (ikus beheko bideoan). Hainbat ibilgailu ere kaltetu ditu txingorrak.
Mendaron ere, bat-bateko ekaitzaren ondorioz ur putzu handiak sortu dira batez ere Garagartzan eta Kilimon Etorbidean, estazio parean. Kaleko kutxatilak zabaltzen jardun dira auzotarrak eta brigadako langileak kalean, urari bidea errazteko, eta Kilimon Etorbidean, ikastolaren parean, aparkatuta zeuden autoak putzuan harrapatuta gelditu dira. Sartu ere egin da ura autoetako batean gutxienez. Minutu gutxiko erauntsia izan da, baina ping-poneko piloten tamainako txingor aleak ere bota ditu, eta Deba ibaiaren eta Kilimon errekaren emaria ere kolpetik hazi da tarte horretan.
Argazki bilduma sortu dugu gaurko ekaitzaren irudiekin eta izan dituen eraginekin. Bilduma honetara argazkiak eta bideoak gehitzeko aukera daukazue BARRENen mugikor zenbakira bidalita: 688 555 658