Euri zaparradek eta txingorrak kalteak eta ur putzu handiak eragin dituzte

Barren.eus 2023ko eka. 18a, 19:07

Zaparrada handiengatik abisu horia aktibatuta dago domekarako eta astelehenerako, eta beste hainbat lekutan moduan Elgoibarren eta Mendaron ere igarri da euri zaparrada mardulen eta txingorraren eragina.

Zerua belztu da arratsaldean eta gogotik bota du txingorra Elgoibarren. Motza baina bortitza izan dazaparrada trumoitsua, eta ur putzu handiak sortu ditu, Maala inguruan bereziki. Ermuaranbiden behera etorri da ura eta Txarriduna pareko biribilgunera iritsi denean, estoldek ezin izan dute xurgatu pilatutako ur guztia, eta Maalako parkea hartu du gero urak. Ura erruz sartu da Maalan dauden Malape eta Ilunpe tabernetan, eta bezero batzuk ezustean ere harrapatu ditu bat-batean sortu den erreka txiki bat moduan ailegatu den urak. Danetik txinatarren dendan ere sartu da ura eta baita ondoan dagoen garaje komunitarioan ere. Xukatze-lanetan ari dira suhiltzaileak. Horiek oraingoz jakin ahal izan ditugun kalteak.

Zaparrada handiengatik abisu horia ezarrita dago 14:00etatik astelehen goizeko 09:00ak bitartean, eta iragarrita zegoen moduan, ekaitza eta euri zaparradak iritsi dira Euskal Herrira, batez ere Bizkaiara. 15:00ak aldera hasi dira ekaitzak lehertzen Bizkaia mendebaldean eta pixkanaka ekialdera zabaltzen joan dira.

2023 06 18 altzola estazioa datuak prezipitazioa

Denbora tarte laburrean euri asko bota du. 17:40etik 20:00ak bitartean 34,2 litro metro koadroko prezipitazioa neurtu du Altzolako estazio hidrometeorologikoak, eta ibaiaren mailak metro bat egin du gora bi orduko tartean. Baliteke baina Elgoibarren bertan Altzolan baino euri gehiago egin izana, herritar batek esaterako, 60 litrotik gora bota dituela neurtu du etxeko euri neurgailuan. Sallobente erreka ere asko hazi da denbora oso txikian. Maalan ur-potzuak sortu direnean apenas zetorren urik errekan, eta garbi zetozen urak. Handik gutxira iritsi dira bailaran jasotako urak errekara. Indar handia zuen urak Deba ibaiarekin bat egiten duen gunean, eta adar eta zikinkeria ugari zeramaten marroi koloreko urek.

Inguruko herrietan ere izan dute eragina euriteek. Luizi baten ondorioz, Gi-627 errepidea ere moztuta egon da Maltzagan, Soraluzerako noranzkoan (ikus plaentxia.eus-en)

Hona herritarrek sare sozialen bidez zabaldutako irudiekin osatutako bideoa:

2023 06 18 ur potzuak ekaitza elgoibar biribilgunea

2023 06 18 ur potzuak elgoibar maala autoa

2023 06 18 ur potzuak elgoibar maala trenzubia

2023 06 18 ur potzuak ekaitza elgoibar maala zikina suhiltzaileak

2023 06 18 ur potzuak ekaitza elgoibar ilunpe ureztatua

2023 06 18 ur potzuak ekaitza elgoibar maala b1

2023 06 18 suhiltzaileak ura xur maala

2023 06 18 euria maala suhiltzaileak

2023 06 18 ur potzuak ekaitza elgoibar sanfrantzisko aterkiagaz

2023 06 18 ur potzuak ekaitza elgoibar sallobente erreka hazita

2023 06 18 ur potzuak ekaitza mendaro zubitik